Azpeitiak Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketako finala jokatuko du Donezteberen aurka

Uztarria.eus 2016ko uzt. 15a, 23:16
Gaurko kanporaketako seniorren partidako argazkia. (Eneritz Albizu)

Zigoitiari 2-1 irabazi diete Ilunpeko pilotariek finalaurrekoaren itzulerakoan, eta uztailaren 23an Zarautzen jokatuko den finalerako sailkatu dira. Doneztebe (Nafarroa) izango dute aurkari.

Azpeitia Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketako finalean izango da, txapelketako azken kanporaketan Zigoitiari 2-1 irabazi ostean. Horrenbestez, uztailaren 23an Zarautzen jokatuko den finalean izango dira Ilunpeko pilotariak.

Gaur, ostirala, jokatu dute finalerako kanporaketaren itzulerakoa Zigoitian (Araba). Kadete mailan, 22 eta 3 nagusitu dira Unai Alberdi eta Gorka Iriarte azpeitiarrak. Jubeniletan Jon Alberdik eta Mikel Unanuek 22 eta 13 irabazi diete zigoitiako pilotariei eta, senior mailan 14 eta 22 galdu dute Jurgi Larrañagak eta Andoni Aizpuruk. Gaur zortzi Frontoi Txikian jokatutako joanekoan, 3-0 nagusitu zen Azpeitia.

Finalean Doneztebe izango dute aurrez aurre Ilunpeko pilotariek. Azpeitia Euskal Herriko Herriarte Txapelketaren finalera iristen den hirugarren aldia da aurtengoa, eta finala "zaila" izango dela uste badute ere, txapelaren bila joango dira azpeitiarrak.