Itsasiren 'Bagare' ikuskizunarekin bukatuko da bihar aurtengo Azpeitia Dantzan

Uztarria.eus 2016ko uzt. 15a, 18:10
Itsasik 'Bagare' ikuskizunerako prestatu duen irudia.

Arabako dantzetan oinarritutako emanaldia egingo du Azpeitiko taldeak Soreasu antzokian, beraiek sortutako beste koreografia batzuekin osatuta, 22:00etan hasita.

Aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoa bihar, zapatua, bukatuko da. Laugarren eta azken emanaldia Itsasi Euskal Kultur Taldearen eskutik etorriko da. Aurreko urteetan Ipar Euskal Herriko, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako dantza tradizionalak eskaini ondoren, aurten Arabakoekin datoz Itsasikoak, Bagare ikuskizunarekin. Soreasun izango da hitzordua, 22:00etan.

"Dantza batzuk beti egin izan ditugunak dira, baina tradizionalak izan arren guretzat berriak diren beste batzuk ere sartu ditugu", azaldu du Ainara Bidal ikuskizunaren zuzendariak. Arabako dantza tradizionalak ikuskizunaren oinarri izango dira, baina ez bakarra. "Beti egin izan ohi dugunez, bigarren zatian geuk sortutako koreografiak eskainiko ditugu", dio Bidalek.

Azpeitia Dantzanekoa urteko hitzordu nagusia bihurtu da Itsasirentzat, urteroko "erronka berezia" taldekideentzat. Hala kontatu du Ainara Bidalek: "Behin karnabalak bukatutakoan, honekin pentsatzen hasten gara jada. Ikuskizunera begira entseatzen pare bat edo hiru hilabete egin ditugu, astean bizpahiru saio eginez. Baina, azkenean, urte guztia egoten zara pixka bat honetan pentsatzen". Dantzari eta musikari, 25 taldekidek taularatuko dute Bagare Soreasun.

Bihar Soreasun egingo dutena izango da, ziurrenik, ikuskizun horren emanaldi bakarra. Aurreko urteetan inoiz eman izan du Itsasik beste herriren batean Azpeitia Dantzanen estreinatutako ikuskizuna, baina ez beti eta, momentuz behintzat, ez dute Bagare-ren beste emanaldirik agendan.