Sormen prozesuak eta elkarlana garatzeko espazioak eskainiko ditu Soreasuk

Uztarria.eus 2016ko uzt. 14a, 19:09
Soreasuko sormen gunea aurkezteko batzarra, atzo, Sanagustinen.

Sormen eremuen araberako espazioez gain, topagune bat eta erabilera anitzeko areto bat izango dituen proiektuaren oinarriak aurkeztu zituen atzo Kultur Mahaiak. Kultur taldeek orain arteko beraien lokaletan jarraituko dute. Dena den, prozesuak irekita jarraituko duela azpimarratu zuten; udazkenean zehaztea dute helburu.

Soreasuko sormen gunearen proiektuaren oinarriak aurkeztu zituen Azpeitiko Kultur Mahaiak atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean egindako batzar irekian. Maiatzean atera zuten proiektua plazara; harrez gero egin dituzten batzar eta bileretan jasotako ekarpenekin osatu dute ikasturte hasieratik Udalarekin elkarlanean lantzen aritu diren proiektua. Eta, oinarriak zehaztu badituzte ere, ez da erabat itxita dagoen proiektua, Maite Maiz Kultur Mahaiko lehendakariak eta Izaro Zinkunegi eta Xabier Gantzarain teknikariek atzo nabarmendu zutenez; udazkenean ere horren gainean jarraituko dute lanean, eta orduan zehaztea dute helburu.

Udala Soreasun kulturgunea eraikitzeko asmoarekin hasi zenetik -2004an eman zuen lehen aldiz proiektuaren berri- gaur egunera arte gorabehera ugari izan ditu proiektuak. Hasieratik aurreikusitako antzokiaz gain, herriko kultur talde eta eragileen egoitza izateko asmoarekin abiatu zen egitasmoa, baina asmo hori ez da betetzera iritsi; proiektuaren bilakaera eta oztopoak azalduz erreportajea egin zuten Uztarriak eta Urola Kostako Hitza-k orain dela bi urte.

Soreasuko eraikinak hutsune handiak ditu oraindik, baina horiek nola bete eta zertarako erabili erabakitzerakoan, lehentasunak eta helburuak aldatu egin dira. Kultur Mahaiak taldeekin egindako diagnostikoaren emaitza izan da, taldeek ez dutela gaur egun dituzten lokalak utzi eta Soreasura lekualdatzeko beharrik ikusten. Diagnosi horren arabera, sormen prozesuak garatzeko eta sortzaileen komunitatea osatzeko gune bat eta baliabideak dira plazaratu dituzten lehentasunak. Eta azaldutako behar eta nahi horri erantzuteko gunea da, hain zuzen ere, Soreasun egituratu nahi dutena.

Sormen proiektuak lantzeko espazioak

Sortzaileen komunitatea egituratu nahi dute Soreasun, sormena babestuz eta sustatuz, proiektuei, elkarlanari eta belaunaldi arteko transmisioari lehentasuna emanda.

Helburu horiek gauzatzeko espazioak aurreikusita dituzte. Aurrez zehaztutako sorkuntza eremu bakoitzak -arte eszenikoak, hitza, irudia eta soinua- bere espazioa izango du sormen gunearen barruan; horiez gain, harrera, informazio gune eta bilgune izango den topagune bat, eta erabilera anitzeko areto bat izango dituzte sortzaileek Soreasun. Bakoitzarentzat pentsatuta duten kokapena ere azaldu zuten atzoko batzarrean; eraikineko lehen solairuan hutsik dauden hainbat gune dira bete nahi dituztenak. Eremu fisikorik gabe, baina eremu guztiei eraginez, transmisioa eta komunikazioa dira proiektuan kokatu dituzten beste osagaiak.

Hori guztia aurrera emateko baliabiderik ba al den edo aurreikusten al den galdetu zuten, aurkezpenaren bukaeran, batzarrean. Eta Udalean "aurrekontu zehatzik ez, baina prestutasun osoa" dutela erantzun zuen batzarrean bertan zen Josu Labaka Kultur batzordeburuak. "Bide bat egin da, galdera batzuei erantzun zaie. Orain, bigarren fase batean sartuko gara. Soreasuk izango duen funtzionamendua, kudeaketa... findu egin behar dira, eta finantziazioari erantzun, beharrak zehaztu ondoren", gaineratu zuen Labakak. Proiektuaren beharrak zehaztutakoan.