Animalien aurkako tratu txarren inguruko erakusketa zabalduko du bihar Oinatz Elkarte Animalistak

Uztarria.eus 2016ko uzt. 14a, 13:34
Oinatz Elkarte Animalistako kideak eta erakusketako lanak egin dituzten hainbat artista.

Erakusketa uztailaren 15etik 29ra bitartean izango da zabalik, Sanagustin kulturgunean. Ikusgai izango diren lanak Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat artistek egin dituzte. Margolanez gain, Pako Aristiren hainbat poema ere bildu dituzte erakusketan. 

Oinatz Elkarte Animalistak animalien aurkako tratu txarren inguruko erakusketa antolatu du, eta bihar, uztailak 15, zabalduko dute. Sanagustin kulturgunean izango da erakusketa, eta Azpeitiko eta Azkoitiko hamar artista inguruk egindako lanak izango dira ikusgai, uztailaren 15etik 29ra arte. 

"Animalien aurkako tratu txarrekin lotura zuen gai bat hartzeko eskatu genien artistei, eta gai hori oinarri hartuta nahi zuten lana egiteko esan genien", azaldu dute Oinatzeko kideek. Animalien abandonua, autoek harrapatutako animaliak, elikagai-industria, animalien erabilera zirkoan eta ikuskizunetan, zezenketak eta "animalien eta gizakien erlazio ez etikoak" dira artistek jorratu dituzten gaiak, besteak beste. Horrez gain, beste auzi bat ere ekarri dute gogora: "Orain dela urte batzuk Loiola inguruan ahate bat agertu zen bihurkin bat buruan zuela. Ahateak bizik jarraitu zuen, eta ahatea bihurkinarekin agertzen den argazki bat dago. Irudi hori ere ikusgai izango da erakusketan", azaldu dute Oinatzeko kideek. 

Margolanez harago

Margonalez gain, Pako Artisti idazleak animalien aurkako tratu txarren inguruan idatzitako hainbat poema ere izango dira erakusketan, baita Pirritx, Porrotx eta Marimototsen idatzi bat ere. Jauzikako udaleku irekietako haur eta gaztetxoekin elkarlanean aritu da Oinatz azken asteetan, eta horiekin egindako hiru mural ere izango dira ikusgai. Bestalde, "animaliek herrian jasaten dituzten tratu txarren eta zezenketen inguruko hausnarketa" ere jasoko dute erakusketan Oinatz Elkarte Animalistako kideek. 

"Hausnarketa bultzatzeko erakusketa da, gauzak aldatzea eta animalien gaineko errespetua zabaltzea bilatzen duena", azaldu dute antolatzaileek. Horregatik, erakusketa ikustera animatu nahi dituzte herritarrak.

Ikusgai izango diren margolanak salgai jarriko dituztela jakinarazi dute, eta interesa duenak Oinatzeko kideekin harremanetan jarri beharko du.