'Udako zaporeak' barreiatzeko prest dator Urola Gustagarriren edizio berria

Uztarria.eus 2016ko uzt. 13a, 18:38
Antolatzaile, babesle eta parte-hartzaileak, aurkezpenean. Ezkerretik eskubira, Jexux Mujika, Inazio Egaña, Maite Cruzado, Javier Zubizarreta, Nekane Otaño, Yurre Peñagarikano eta Agustin Lizarralde.

Eskualdeko gazta, txakolin ekologikoa eta artisau izozkia dira aukeratu dituzten produktuak. Zapatuan abiatuko dute egitasmoa Loiolan, 12:00etan hasita, aipatutako osagaien uztartzea azalduz eta ondoren dastatuz egingo duten saioarekin. Uztailaren 16tik abuztuaren 15era, hiru jatetxetan eskainiko dituzte egitasmoaren barruko menu bereziak, eta parte hartuko duten ekoizleekin antolatutako bisita gidatuak ere aukeran izango dira.

Turismoaren sustapena, bertako ekoizleen produktuak eta gastronomia uztartzen dituen Urola Gustagarri egitasmoaren edizio berria aurkeztu dute gaur, asteazkena, Loiolan. Udako zaporeak leloa aukeratu dute edizio berrirako eta Loiolan bertan izango du abiapuntua, zapatu eguerdian.

Ardi gazta (Artzai Gazta elkarteko kide diren bailarako zortzi ekoizleena), txakolin ekologikoa (Beizamako Urkizaharrekoa) eta artisau izozkiak (Azpeitiko Egaña gozotegikoak) dira Udako zaporeak izeneko edizio honetarako Iraurgi Berritzenek eta Urkomek aukeratu dituzten hiru produktuak. Uztialaren 16tik abuztuaren 15era, produktu horiekin osatutako menu bereziak eskainiko dituzte hiru jatetxetan: Azkoitiko Iturrin eta Azpeitiko Kirurin eta Mikel Urian;saninazioetako hiru egunetan (uztailak 30 eta 31, eta abuztuak 1) izan ezik, Azpeitikoen kasuan.

Urola Gustagarriren sasoi berria abiatzeko, berriz, hitzordu berezia prestatu dute zapaturako, uztailak 16, Loiolan. 12:00etan hasita, aipatutako produktuen uztartzea azalduz kata bat eta, ondoren, parte hartu nahi duen ororentzat dastaketa izango dira, basilikaren atarian.

Bisita gidatuak

Eskaintza osatzeko, egitasmoan parte hartuko duten ekoizleen egoitzetara bisita gidatuak egiteko aukera ere izango da datozen asteetan: Beizamako Arreta baserriko gaztandegira uztailaren 23an eta abuztuaren 13an, Beizamako Urkizahar txakolindegira abuztuaren 6an, eta Azpeitiko Egaña gozotegiaren Landetako lantegira abuztuaren 9an eta 11n.

Bisita horietan parte hartu ahal izateko, izena aurrez eman behar da Loiolako Turismo Bulegoan, hango 943151878 telefonora deituta edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzita.

Urola Gustagarriren gaineko informazio osoa, berriz, webgune honetan aurki daiteke: www.urolagustagarri.eus.