Iruñeko sanferminetan izandako eraso sexistak gaitzetsi ditu Marea Arroxak

Uztarria.eus 2016ko uzt. 13a, 11:01
Iruñeko eraso sexistak salatu ditu Marea Arroxak, eraso sexisten aurkako eskularru gorria jantzita.

Herriko festak askatasunez gozatzeko aldarria zabaldu dute, eta eraso sexisten aurkako jarrerak "tinkoa" izan behar duela nabarmendu. Festei begira, erasoen aurrean jarraitu beharreko protokoloaren berri emango du Marea Arroxak datozen asteetan. 

"Onartezinak direlako", Iruñeko sanferminetan jazotako eraso sexistak salatu eta gaitzetsi ditu Marea Arroxak. Atzo, asteartea, festak antolatzeko astero egiten duten bileran argazkia atera zuten izandako eraso sexistak salatzeko eta askatasunean oinarritutako festak aldarrikatzeko.

"Sanferminetan ez ezik, Euskal Herriko hainbat herrietako festetan izan diren eraso sexistek erakusten dute oraindik lan asko dagoela egiteko. Herritar orok festak askatasunez gozatzeko eskubide osoa dugu. Kalean lasai ibiltzeko, lasai dantzatzeko, lasai barre egiteko, lasai etxera joateko", adierazi zuten. Horren harira, "Azpeitiko festetan inolako eraso sexistarik gertatu ez dadin" Marea Arroxak "ahalegin guztia" egingo duela adierazi zuten. 

Txosnetarako protokoloa

Txosnagunean eraso sexistarik jazotzekotan horien aurka jarraitu beharreko protokoloa prestatzen du urtero Marea Arroxak. Festak iritsi aurretik protokoloaren berri ematen diete txosnagunean lanean arituko diren herritarrei, eta aurten ere horrela egitekoak dira: "Hiru egunez jende asko aritzen gara lanean txosnagunean, eta garrantzitsua da guztiok eraso sexisten aurrean jarraitu beharreko pausoen berri izatea, erasoen aurrean tinko erantzun behar baita. Horregatik dei egin nahi diegu txosnetan lan egingo duten norbanakoei protokoloaren azalpenean parte har dezaten", azaldu dute. Datozen asteetan jakinaraziko dute noiz eta non azalduko duten eraso sexisten aurkako protokoloa. 

Horrez gain, betaurreko moreak eta eskularru gorriak ekarri zituzten gogora: "Ez dugu ahaztu behar Txitximorek betaurreko moreak erantzi gabe, eraso sexistei ezezko borobila emateko eskularru gorria janztera deitu zituela herritarrak. Eskularru gorriak jantzita eta betaurreko moreak soinean, Marea Arroxak ezezkoa ematen die eraso sexista guzti-guztiei".