Alaia Amubieta: "Genero berdintasuna lortzeko bidean lan asko dago egiteko"

Uztarria.eus 2016ko uzt. 12a, 17:29
Mikel Otaegi eta Alaia Amubieta, Aldazank proiektuaren sustatzaileak.

Genero berdintasuna lortzeko xedearekin, hiru lerrotan egiten du lan Aldazank egitasmoak. Gaur egun enpresen arloan ari dira ikerketa lanetan, eta nazioartera ere heldu nahi dute. Proiektuaren sustatzaileak dira Alaia Amubieta (Azpeitia, 1995) eta Mikel Otaegi (Bergara, 1985).

Hiru ekintzaile gaztek sustatutako proiektua da Aldazank, eta egitasmoaren helburua da genero arteko berdintasuna lortzea. Alaia Amubieta eta Mikel Otaegi proiektuaren sustatzaileetako bi dira eta, azaldu dutenez, proiektuarekin lortu nahi dutena da sexu generoen arteko berdintasun-eza gainditzea; "genero berdintasuna lortzeko bidean, lan asko baitago egiteko", adierazi du azpeitiarrak. 

Gaurtik, bion artean eraikiz lemapean, genero ezberdintasunaren inguruko hausnarketa zabaldu nahi dute Gipuzkoan, eta, oro har, gizartean. Horretarako, hainbat lan-lerro jarri dituzte mahai gainean, kontzientzia eta kohesio soziala sortzeko helburuarekin. Hezkuntza eremuan, nazioartean eta enpresetan jarri dute fokua, hain zuzen.

Enpresetako egoera aztertzen

Hiru lan-lerro zehaztuta badituzte ere, gaur egun enpresen arloan ari dira lanean Aldazankeko kideak. Proiektuaren sustatzaileek enpresei gender friendly erakunde bilakatzearen garrantzia transmititu nahi diete; hau da, eremu ezberdinetan eredu izatearen garrantziaz ohartarazi nahi dituzte, genero berdintasunaren arloan kasu. Horretarako, ikerketa lanetan ari dira orain, "enpresa ezberdinetako errealitateak jasotzen", azaldu du Amubietak. 

Enpresetan ematen diren kontziliazio kasuen inguruan ere hausnartu dute: "Kontziliazioa gai garrantzitsua dela uste dugu. Enpresan kontzilizazioa gertatzen denean horrek izan ditzakeen ondorioak aztertu ditugu", azaldu du Mikel Otaegik.

Unibertsitateko ikasketen harira enpresetara egiten zituzten deiak gehienetan emakumezkoek hartzen zituztela ikusita hasi ziren genero berdintasunaren eremutik enpresetako egoera aztertzen. "Zenbaitek pentsa dezake dagoeneko genero berdintasuna iritsi dela enpresetara, baina hori urruti dagoela ikusi dugu, genero ezberdintasunak nabariak direla", esan du Amubietak.

Genero berdintasuna nazioarteratuz

Gipuzkoakoa eta Euskal Herrikoa ez ezik, garapen bidean dauden herrialdeetako egoerak nabarmendu eta aldatu nahi ditu Aldazankek: "Gure gizartean genero arteko berdintasun eza nabaria bada, are nabariagoa da garapen bidean dauden lurraldeetan", azaldu du Alaia Amubietak. Horregatik, kolaborazio proiektuak egin nahi dituzte beste lurraldeetako proiektuekin. "Iaz Indian izan ginen, eta han Vicente Ferrer Fundazioa ezagutu genuen. Emakumeen eskubideen alde fundazioak izugarrizko lana egin duela ikusi genuen, begiak zabaldu zitzaizkigun, eta hemendik kanpo emakumeen errealitatea zein ezberdina den ohartu ginen", azaldu du Mikel Otaegik.

Bestalde, Keniara edota Guatemalara heltzea nahi dute Aldazank proiektuaren sustatzaileek eta hori lortzeko lanean hasi dira dagoeneko: "Hainbat fundaziokin harremanak izateaz gain, London Fashion moda agentziarekin harremanetan jartzekoak gara, berdintasunaren baloreak sustatuz lurralde horietara heltzeko", adierazi du Otaegik.

Herritarren konpromisoaren bila

Orain dela urtebete inguru hasi ziren proiektuarekin, Indiara egin zuten bidaiaren ostean. Orduz geroztik harremanetan izan dira hainbat norbanako eta erakunderekin, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Azken horrek babesa eman zion egitasmoari joan den ekainean, Aldazank egitasmoak aldundiak kontziliazioaren arloko politikei eman nahi dien bultzadarekin bat egiten duela iritzita. Erakundeetatik harago, norbanakoengana ere iritsi nahi dute, eta haien iritziak jaso nahi dituzte. 

Proiektua ekonomikoki sustengatu ahal izateko, eskumuturrekoak jarri dituzte salgai, "gipuzkoarrek ekimena diruz babes dezaten berdintasuna aldarrikatzen duten bitartean". Eroski saltokietan eskuratu daitezke eskumuturrekoak eta dagoeneko 2.000 inguru saldu dituzte.