Lankidetzarako akordioa sinatu dute Iraurgi Berritzenek eta Zestoako Udalak

Uztarria eta Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 12a, 14:28
Zuzuarregi, Etxeberria, Mendizabal eta Zubizarreta ostiralean Zestoako plazan (Eneritz Albizu Lizaso).

Elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmendu dute Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako Udalek. "Herritarrei balioko dien hitzarmena" dela adierazi du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak.

Iraurgi Berritzen, Azkoitia eta Azpetiako Udalen Garapen eta Berrikuntza Agentziak, eta Zestoako Udalak lankidetzan aritzeko akordioa adostu dute. Joan den ostiralean, hilaren 8an, eman zuten akordioaren berri Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak, Aitor Zuzuarregi zinegotziak, Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzeneko lehendakariak eta Azkoitiko alkateak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Zestoan egindako agerraldian.

Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzeneko lehendakariak beraien "kezka nagusia" langabezia dela adierazi zuen, eta horri aurre egiteko lanean jarraituko dutela. Eneko Etxeberriak, bere aldetik, langabeziari aurre egiteko eta bestelako arazoak konpontzeko, "inguruko herriak elkarlanean jardutea beharrezkoa" dela adierazi zuen. Horrez gain, sinatutakoa "herritarrei balioko dien hitzarmena" dela nabarmendu zuen Azpeitiko alkateak.

Iraurgi Lantzen Garapen Agentziak eta Zestoako Udalak lehendik izan dituzte hartu-emanak, Zestoako Udalak Garapen Agentziaren hainbat ekimenetan parte hartu izan baitu, turismoaren alorrean kasu. Legealdi honen hasieran, garapen agentziaren beste lerro batzuetan ere parte hartzeko interesa agertu zuen Zestoako Udalak. Horrek elkarlanerako eskaera formala egin ondoren, Iraurgi Lantzeneko administrazio kontseiluak lankidetzarako eskaerari baiezkoa emateko erabakia hartu zuen aho batez.

Zestoako bi ordezkari izango dira administrazio kontseiluan: Josetxo Mendizabal eta Aitor Zuzuarregi, eta gonbidatu bezala parte hartuko dute, hau da, aukera izango dute iritzia emateko, baina ez bozkatzeko. Bestalde, Zestoako herritarrek sarbidea izango dute garapen agentziako hainbat zerbitzuetara.

Abendura arte sinatu dute hitzarmena, eta Iraurgi Berritzeneko lehendakariak azaldu duenez, ondoren ikusiko dute moldatu behar den edo ez.