Esklerosi anizkoitzaren inguruko 'Busti zaitez!' kanpaina iritsi da Azpeitira

Uztarria.eus 2016ko uzt. 12a, 12:54

Gaur, asteartea, Esklerosi Anizkoitza Fundazioak abian jarritako 'Busti zaitez!' kanpaina iritsi da Azpeitira. Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, "kanpainaren helburua da jendea esklerosi anizkoitzaren inguruan sentsibilizatzea eta informatzea, gaixotasuna dutenei bizi baldintzak errazteko". Informazio postua jarri dute plazan, eta bertan izango dira eguerdi partera arte. Informazioa ez ezik, hainbat material jarri dute salgai, eta bildutako dirua gaixotasuna ikertzera eta esklerosi anizkoitza duten pertsonen bizi baldintzak hobetzera bideratuko dute.

Aurtengoa 'Busti Zaitez!' kanpainaren 19. edizioa da, eta uztailaren hasieratik ari dira herriz herri egitasmoa sustatzen. Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere abian da egitasmoa, eta joan den igandean, uztailaren 10ean, egin zuen Esklerosi Anizkoitza Fundazioak kanpainaren aldeko ekitaldi nagusia. Milaka pertsonek Euskal Herriko eta Espainiako hainbat igerileku eta hondartzetan igeri egin zuten 'Busti Zaitez!' egitasmoa babesteko. Datozen egunetan hainbat herrietako azoketan izango dira fundazioko kideak gaixotasunaren inguruko informazioa ematen.