Amagoia Gurrutxaga kazetariak epaimahaiaren aipamena jaso du Rikardo Arregi sariketan

Uztarria.eus 2016ko uzt. 11a, 12:59
Amagoia Gurrutxaga erdian, saria jaso ondoren. (Argia.eus)

Kristiane Etxaluz ekintzaileari egindako elkarrizketagatik saritu dute Berria egunkariko kazetaria.

Amagoia Gurrutxaga (Matxinbenta, 1971) kazetariak Rikardo Arregi kazetaritza sarietako epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Zapatuan, uztailaren 9an, banatu zituzten 28. edizioko sariak Andoaingo Bastero kulturunean, eta Kristiane Etxaluz ekintzaileari egindako elkarrizketagatik saritu dute Berria egunkariko kazetaria. Jakin aldizkariaren 212. alean plazaratu zen elkarrizketa.

Saria jasotzean, euskal komunikabideen lana txalotu zuen Gurrutxagak, baina kritika egi zien horiek administrazio publikoetatik jasotzen duten tratuari: "Administrazio publikoetatik beste sektore batzuen aldean ematen zaigun laguntzari erreparatuta, ez daukat hain argi kargudun politikoek zuek bezain argi ote duten euskarazko hedabideen estrategikotasuna".

Aurtengo Rikardo Arregi sari nagusia Sustrai Colina bertsolariak jaso du, Argia aldizkarian kaleratutako elkarrizketengatik. Kazetari Berria saria, berriz, Unai Oiartzunek jaso du, Irunero herri aldizkarian egindako lanarengatik.