Soreasu goraino beteta, aretoko dantzen emanaldiarekin

Uztarria.eus 2016ko uzt. 11a, 11:48

Azpeitia Dantzan egitasmoaren baitan, aretoko dantzen erakustaldia izan zen atzo, uztailak 10, Soreasu antzokian. Herritar ugari hurbildu zen Jose Mari Orbegozok zuzendutako ikuskizunaz gozatzera, eta jendez goraino bete zen Soreasu. Bi ordu inguru iraun zuen erakustaldiak, eta guztira 24 dantza eskaini zituzten, estilo ezberdinetakoak: Funckya, cha cha cha, merenguea, bachata, rocka, valsa, rumba eta sevillanak, besteak beste.

Dantza ez ezik, musika ere izan zen protagonista eta Xabier Saldias igo zen oholtzara. Bi vals abestu zituen abeslari azpeitiarrak, eta haren doinuekin dantzatu zuten Jose Mari Orbegozok eta bere dantza bikotekide Amaia Gonzalezek. Mexikar doinuak ere izan ziren entzungai; izan ere, Mexikotik etorritako mariatxiek ere hartu zuten parte atzoko ikuskizunean. Aurkezle lanetan, berriz, Xabier Elosegi eta Silvia Gambino aktorea aritu ziren. Guztira 200 dantzari igo ziren Soreasuko agertokira, eta 500 jantzi ezberdin izan ziren ikusgai. Emanaldiaren amaieran Jose Mari Orbegozok loreak eskaini zizkien gurasoei, ikusleen txalo zaparrada artean.

Zapatuan, uztailaren 16an, Itsasi Dantza Taldeak emango dio amaiera aurtengo Azpeitia Dantzan zikloari. Bagare ikuskizuna eskainiko du Itsasik Soreasu antzokian, 22:00etan hasita.