Errefusaren eta organikoaren edukiontziak txiparekin jarriko dituzte urtarriletik aurrera

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 6a, 15:37
(Eneritz Albizu Lizaso).

Urtarriletik aurrera jarriko dute martxan hondakinak biltzeko sistema moldatua. Bizilagun bakoitzari adieraziko zaio zer edukiontzietara bota behar dituen hondakinak, bizilekuaren arabera.

Urtearen hasieran jarriko dute abian hondakinak biltzeko sistema moldatua. Errefusarentzat eta organikoarentzat txipa duten edukiontziak jarriko dituzte, eta herritar bakoitzak bere gunea izango du hondakinak botatzeko, bizilekuaren arabera. Beraz, herritarren txipek norberari tokatzen zaizkion edukiontziak soilik irekiko dituzte. Atzo, asteartea, onartu zuten bilketa sistema ohiko udalbatzan, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin.

Edukiontziek txipa badute ere, ez da egongo hondakinak ateratzeko maiztasun eta epe mugarik. Dena den, begiraleak jarriko ditu mankomunitateak. Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotziaren arabera, honako funtzioak izango dituzte begiraleek: herritarrek banaketa ondo egiten dutela bermatzea, edukiontzien inguruak txukuntzea, sor daitezkeen arazoak identifikatzea eta sistema hobetzea. Astegunetan hamalau orduz egingo dute lana begiraleek; eta, larunbatetan, zazpi orduz.

Informazio zehatzagoa, Urola Kostako Hitzaren webgunean.