II. Ipurtargi Fest izango da igandean Loiolan

Uztarria.eus 2016ko uzt. 6a, 11:04

Goizetik hasi eta gauera arteko egitaraua prestatu dute iganderako. Artisauen postuak, piano emanaldia, jantoki bejetarianoa eta kontzertuak izango dira, besteak beste. 

Bigarren urtez jarraian, Ipurtargi Fest eguna ospatuko dute Loiolan datorren igandean, uztailaren 10ean. Egun osorako egitaraua prestatu dute, eta ez da egitekorik faltako goizetik gauera bitartean. 

Festa 11:00etan hasiko da, eta eskualdeko artisauek euren lanak ikusgai eta salgai jarriko dituzte Loiolako zelaietan. 14:00ak aldera piknika egingo dute eta horretarako norberak eraman beharko du bazkaria. 17:00etan umeentzako jolasak izango dira eta 18:00etan Kamilaren piano emanaldia. 19:00etan Kontrako eztarrixe irrati libreak zuzeneko saioa grabatuko du Loiolatik. 20:00etan berriro sabelak betetzeko garaia izango da gaztetxeko sukaldarien jantoki bejetarianoarekin. Egunari amaiera emateko kontzertuak izango dira 21:30ean hasita. Enekora eta Ekiza taldeek eskainiko dute zuzenekoa.