Herriartekoaren txapeldunek azpeitiarrei eskaini diete garaipena

Uztarria.eus 2016ko uzt. 3a, 22:25

Eguerdian Atanon lortutako txapela herritarrei eskaini diete Azpeitiko pilotariek arratsaldean eta herritarrek harrera beroa egin diete Ilunpe elkarteko kideei. Udal Musika Banda aurrean eta udal ordezkariak atzean zituztela, Perez Arregitik plazaraino kalejiran joan dira 2016ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren irabazleak.

Ondoren udaletxera igo dira eta han egin diete harrera ofiziala udalbatzako kideek, Eneko Etxeberria alkate buru zutela. Argazki batzuk atera eta gero, balkoira irten dira txapeldunak. Josu Uzkudun zuzendaritzako kidea izan da, kopa eskuetan, hitza hartu duena. Kopa eta txapela azpeitiarrei eskaini ondoren, atera dituzten "kalkuluen" berri eman dio plazan elkartu den jendetzari: "Gaur bosgarrena irabazi dugu. Azkoitiarrek hamasei omen dituzte. 2030.aren bueltarako harrapatuko ditugula uste dugu". "Gora Azpeiti eta gora Errezil!", bota du Uzkudunek jendearen txalo artean, Gipuzkoako txapeldun gisa, orain Euskal Herriko Herriartekoa jokatzea tokatzen zaiela gogora ekarri aurretik -2015ean hura ere irabazi zuten-. Finala uztailaren 23an izango dela aurreratu du Uzkudunek, "nire ezkontzaren egunean", eta Ilunpekoek orduan ere plazan garaipena eskaintzeko esperantza badutela. Amaitzeko, banan-banan aipatu ditu Josu Uzkudunek Ilunpeko pilotariak eta zuzendaritzakoak, guztiek beraien txalo hotsa jaso zezaten.