Uztarriari "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkio udal gobernuak

Uztarria.eus 2016ko uzt. 2a, 12:29

"Alde batetik, kazetariek informatzeko zein herritarrek informatuak izateko duten eskubidea aldarrikatzen du; eta, bestetik, edozein herri mugimenduk biltzeko duen eskubidea ere azpimarratu nahi du", dio, ostegunean plazan jazotakoaren aurrean.

Azpeitiko udal gobernuak "bere babesa eta elkartasuna azaldu" dizkio Uztarria Komunikazio Taldeari, ostegunean "Mozal Legea aplikatuz kazetaritza lana eragozteko jasan zuten saiakeraren aurrean".

"Alde batetik, kazetariek informatzeko zein herritarrek informatuak izateko duten eskubidea aldarrikatzen du" udal gobernuak; "eta, bestetik, edozein herri mugimenduk biltzeko duen eskubidea ere azpimarratu nahi du", herritar orok "bi eskubideak bermatuak izateko lanean jarraituko" duela gaineratuta.

"Eskubide murriztailea" dela iritzita, Mozal Legea "ez aplikatzeko" eskatu du, bide batez, Azpeitiko udal gobernuak, "eta gure erkidegoko inongo indar polizialek lege hori erabiliaz oinarrizko eskubide demokratikoak ez murriztea".