"Akatsetatik ikasi behar" duela dio Azpeitiko EH Bilduk, igandeko emaitzen balorazioan

Uztarria.eus 2016ko uzt. 1a, 19:00

"Boto galera handia izan dugu, bereziki herritar askok garrantziarik ez dietelako eman hauteskunde hauei, eta abstentziora jo dutelako", azaldu dute.

Azpeitiko EH Bilduk gaur, ostirala, zabaldu du joan den igandeko hauteskundeen balorazio oharra. Euskal Herri mailan, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak "ez dira nahi eta espero genituenak izan", onartu du koalizioak. "EH Bilduren bozka Madrilen aldaketa bultzatuko duen bozka zela genion", gogoratu dute. Baina aldaketa hori gauzatzeko "sektore zabal batek beste alderdi batzuk EH Bildu baino eraginkorragoak direla ulertu dutela" ikusi dute.

Herrira etorrita, "Azpeitiko emaitzak ere ez dira batere onak izan", dio ezker abertzalearen koalizioak. Emaitza horiek arrazoitzeko, berriz, abstentzioa aipatu dute: "Boto galera handia izan dugu, bereziki herritar askok garrantziarik ez dietelako eman hauteskunde hauei, eta abstentziora jo dutelako". Horiek horrela, eskerrak eman dizkiete igandean "EH Bildu bozkatu duzuen herritar guztioi".

Azpeitiko EH Bilduk "akatsetatik ikasi behar" dutela nabarmendu du, "izan ditugun hutsuneak ongi identifikatu, beraietatik ikasi eta aurrera egiteko"; datozen asteetan zeregin horretan murgilduko direla esan dute.

Estatu osoko emaitzei begiratuta, Azpeitiko EH Bildurentzat "garbi geratu da espainiar estatuko errealitate politikoa, Katalunian nahiz Euskal Herrian bizi dugun errealitatetik gero eta distantzia handiagora dagoela". Horregatik uste dute "aldaketa Euskal Herritik egin behar" dela. "Norabide horretan, EH Bilduko kideok ekarpen handia eskaini dezakegu eta hor jarriko ditugu indarrak, herri honek merezi duen etorkizuna eraiki arte", dio koalizioak oharrean.