Ekain Ibarguren: "Gauza sinpleekin ikuskizun ederra eskaintzea posible da"

Uztarria.eus 2016ko uzt. 6a, 15:08
Ekain Ibarguren. (IƱigo Dominguez)

Badira urte batzuk Ekain Ibarguren (Azpeitia, 1996) zirkuaren inguruan interesatzen hasi zela. Antzerkian hasi zen aurrena, eta bere bideari ekin zion ondoren pailazoen mundura salto eginda. Egun, ikuskizun propioa du: Ekain Txou

Nolatan hasi zinen zirkuaren munduan? 

Haurra nintzenetik atsegin dut pailazoen mundua. Txikitan asko gustatzen zitzaidan pailazoek transmititzen zuten poztasuna, baita horien benetako aurpegia nolakoa izango den jakitearen misterioa ere. Txikia nintzela, kasualitatez, ETB1en eskaintzen zuten Tic-tac circus programaren berri izan nuen. Goizero 07:00etan ematen zuten, eta hori ikusteko esnatzen nintzen egunero. Bertan ezagutu nituen pailazoen munduan sona handia duten artistak, aurrerago nire erreferente izan direnak. 

Pailazo izaten ikasi egiten al da?

Pailazo izateko ez dut uste eskola batera joan behar denik. Ez dut irakaslerik izan sekula, pixkanaka joan naiz ikusitakoarekin ikasten. Antzerkia egiteak asko lagundu dit, eta baita urte batzuk malabarista bezala aritzeak ere. Bilboko Zirkozaurre eskolan hilabete batzuk igaro nituen, malabarismo eskolak jasotzen. Hasieran ondo moldatu nintzen, baina gerora motz gelditu zitzaidan. Maila bat aurrerago nengoen, eta hobetzen jarraitu nahi nuen. Donostiako lokal baten berri izan nuen orduan, Ilargi Berdea izena duena. Hor ez dira eskolak ematen, norberak bere entrenamenduak egin ahal izateko espazioa da. Martxoan hasi nintzen hara joaten, eta oso gustura nago Donostian. Elkar laguntzen gara eta elkarrengandik ikasten dugu.

Karakterirazioa ere egiten duzu. 

Bai, hala da, eta hori ere nire kabuz ikasi dut. Pailazo klasikoen aldekoa naiz, eta horiek nola makilatzen diren ikusita-eta ikasi dut makilatzen, ispilu aurrean jarri eta probak egiten. Ideiak hemendik eta handik hartu, eta neure estilora ekartzen. Pailazoen munduan ezin da ezer kopiatu, errespetu falta bezala ikusten da. Ikuskizunak eta esketxak antzekoak izan daitezke, baina berdinak sekula ez. 

Zure ikuskizuna sortu duzu jada: Ekain Txou

Txantxa Algara taldearekin hasi nintzen emanaldiak eskaintzen, baina ikuskizun horiek egungo pailazoen estiloan oinarritutakoak dira, koloretako dekorazioarekin eta jantziekin. Ni pailazo klasikoen aldekoa naiz, ordea. Horregatik, nahiago izan dut nire bideari ekitea, one men show estiloan. Hau da, pertsona bateko ikuskizuna eskaintzea. Horrela, nire kabuz esketxak egiten hasi nintzen. Orain, magia, umorea eta malabarismoa dira nire ikuskizuneko osagaiak. 

Zerk bereizten du Ekain Txou gainerako ikuskizunetatik?

Sinplea bezain polita dela. Garai bateko titiriteroen giroa sortu eta eskaini nahi nien ikus-entzuleei; izan ere, gaur egun ez dago halako asko. Jendeari esan nahi nioke ez izateko aurreiritzirik, gauza sinpleekin ikuskizun ederrak eskaintzea posible dela. Badirudi kalitatezko emanaldi bat eskaintzeko izugarrizko baliabide teknikoak behar direla, baina espektakulu ona emateko ez dira ezinbestekoak argi eta soinu ekipo ona izatea.

Zer izan da orain arteko bidean ederrena? Eta zailena?

Segurtasun falta izan da okerrena, ez jakitea publikoari ikuskizuna gustatuko zaion edo ez. Ederrena, aldiz, hau bidearen hasiera soilik dela ikustea.

Zein izan duzu bidelagun? 

Asko lagundu dit Jon De Markos lagunak. Nik ez dut gidabaimenik, eta bera izan da nire txoferra orain arte. Hark eraman nau leku batera eta bestera, eta ezinbestekoa izan da bere laguntza. 

Zein asmo dituzu aurrerantzean?

Nire asmoak dira pailazoen munduan jarraitzea. Ikasketak utzi nituen honetan aritzeko. Planak baino gehiago ametsak dira, zirkuaren mundutik bizitzea eta.