"Elkartasuna eta doluminak" adierazi dizkie Udalak Istanbulgo erasoen biktimei

Uztarria.eus 2016ko eka. 30a, 17:23

Gaur plazaratu duen adierazpenean, "eraso horiek onartezinak direla" eta "sendo salatzen" dituela dio Udalak, "une hartan aireportuan zeuden bi azpeitiarrak salbu izateaz ere biziki pozten" dela gaineratuz.

Herenegun Istanbulgo (Turkia) Ataturk aireportuan 41 hildako eta 239 zauritu eragin zituen atentatua dela-eta adierazpena plazaratu du gaur, osteguna, Azpeitiko Udalak. Adierazpen horretan, bere "elkartasuna eta doluminak" adierazten dizkie Udalak erasoen biktimei. "Eraso horiek onartezinak direla" eta "sendo salatzen" dituela dio Udalak, "une hartan aireportuan zeuden bi azpeitiarrak salbu izateaz ere biziki pozten" dela gaineratuz.

Hemen, osorik, Udalaren adierazpena:

"Herenegun, Istanbulen (Turkian) gertatutako eraso latzen aurrean Azpeitiko Udalak elkartasuna eta doluminak adierazi nahi dizkie erasoetan hildakoen gertukoei. Era berean, erasoetan zauritutakoak ahalik eta azkarren osatu daitezela espero dugu.

Era berean, une hartan aireportuan zeuden bi azpeitiarrak salbu izateaz ere biziki pozten gara. Guztiei gure babesa agertu nahi diegu, eta erabateko irmotasunez adierazi nahi dugu eraso horiek onartezinak direla: sendo salatzen ditugu. Bide batez, munduan zehar gertatzen diren beste erasoak salatu eta biktimei elkartasuna ere adierazten diegu. Munduko herritar guztion giza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu.

Munduan zehar gertatzen diren eskubide urraketa oro salatu nahi dugu, gerrek eragindako biktima guztiak oroitu eta gerra gehiago ez izateko aldarrikatzeko.

Ez Istanbulen, ez inon".