40 urtez dantza eskaintzen

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 30a, 16:30

1976. urtean sortu zen Sahatsa taldea Urrestillan, eta dantzan jarraitzen dute, Azpeitia, Azkoitia eta Urrestillako kideekin. Azpeitia Dantzan zikloaren barruan, lehen ikuskizuna izango da beraiena.

Udaberrian jaio zen, urteko lehen loreak bezala; horregatik jarri zioten Sahatsa izena. Sahatsa da eguzkia jotzen hasten denean, lehena loratzen den zuhaixka. 1976an sortuta, 40 urte daramatzate dantzan taldeko kideek. Urrestillako gazteek sortutako taldea dela azaldu du Juan Luis Lizabe zuzendariak: "Larunbat arratsaldez zerbait egiteko helburuarekin hasi ziren, eta Pasai San Pedro (Gipuzkoa) eta Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) dantzari batzuk hasi ziren hara joaten, dantzan irakastera". Lizaberen arabera, artean ez zen dantza taldea, ikasle taldea baizik.

Ondoren hasi ziren Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleak, eta bi edo hiru urtez jarraitu zuten horrela. "Behin denbora bat pasatuta, irakasleek etortzeari utzi zioten, eta gure erara hasi ginen dantzan", esan du zuzendariak.

Urrestillako plazan egin ohi zuten dantza, eta eliza azpian, eguraldi txarra egiten zuenetan. Lekua oso erosoa ez zela-eta, Azpeitiko Azoka plazara mugitu ziren, eta han egin zituzten dozena bat urte, Azkoitiko Baztartxo antzokia berritu artean. Gaur egun, Baztartxon dute lokala, eta han jarraitzen dute.

Erreportaje osoa, Urola Kostako Hitzaren webgunean