Argi gehiago eta ispiluak jarri dituzte herriko hainbat puntu ilunetan

Uztarria.eus 2016ko eka. 28a, 19:04
Udaleko eta Emakumeen Mahaiko ordezkariak, puntu ilunen mapa lantzen aritu diren hainbat emakumerekin, Zelai Luzen.

2015ean azaroaren 25aren bueltan herriko emakumeek identifikatu zituzten guneetan indartu du iluminazioa Udalak. Lur azpiko pasabideetan, gainera, ispiluak ere jarri dituzte.

Iazko azaroan, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan, Gure herria emakumeen begietatik egitasmoa landu zuen Emakumeen Mahaiak. Besteak beste, herriko mapa eskuetan, hainbat emakumek bereziki gauez beldurra sentiarazten zieten guneak, puntu ilunak, identifikatu eta zehaztu zituzten. Lanketa hartatik abiatuta, Udalak argiteria hobetzeko lanak egin ditu azken hilabeteetan eta horren berri eman zuten atzo, astelehena.

2015eko azaroaren 25aren harira emakumeek egindako "ariketa interesgarria" goraipatu zuen Leire Etxaniz Parekidetasun saileko zinegotziak. "Edonork kalean lasai, beldurrik sentitu gabe ibiltzeko Azpeitia nahi dugu guk, eta horregatik, segituan hasi ginen horri buelta eman nahian", esan zuen Etxanizek. Herriko gune zehatzetan emakumeek sentitzen duten beldurraren aurrean bi lan ildo jarraitu dituztela gaineratu zuen: "Alde batetik, emakumeok beldurra senti dezakegun gune horiek nola egokitu aztertzen aritu izan dira hirigintzako teknikariak. Eta beste aldetik, beldurraren pertzepzioaren inguruko hausnarketa serioa egin beharra ere ikusi dugu".

Atzoko agerraldian, puntu ilunak hobetzeko hirigintzaren ikuspuntutik hartu dituzten neurrien berri eman zuten. "Urte askoan, hirigintzak ez du beldurraren pertzepzioa edota puntu ilunen sorrera kontuan hartu izan. Gaur egun, baditugu herrian argitu eta zabaldu beharreko guneak. Eta horretan ari gara lanean. Hirigintza arloan ere parekidetasuna landuz, ari gara lortzen hori ere", azaldu zuen Josu Labaka batzordeburuak. Puntu ilunen mapa eta identifikazioa "etorkizunean elkarlanean aritzeko lehen pauso polita" izatea espero duela ere esan zuen.

Iluntasuna eta beldurra

Testuinguru horretan emakumeengan beldurra "batez ere iluntasunak" sortzen duela kontuan hartuta, herriko gune hauetan iluminazioa hobetu du Udalak azken hilabeteetan:

  • Zelai Luzen.


  • Joan XXIII.a auzoan, Frantziskanetako pareta aldetik, Coarrugadoseko sarrera bitartean.
  • Sanjuandegiko etxe azpietan.


  • Igerilekutik Loiolako Ignazio etorbirerako zubira bitartean.
  • Landeta auzoan.

Lur azpiko oinezkoentzako pasabideetan ere indartu dute argiteria eta, horrez gain, ispiluak jarri dituzte pasabide horietan.