Umetatik hasi dira parte hartzen

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 24a, 15:58
Proiektuan parte hartu duten haurrak. (Eneritz Albizu)

Azpeitiko parkeak aztertu dituzte Iraurgi Ikastetxeko haurrek, eta udalean entregatu dute txostena. Hezitzaileen arabera, "herriarekiko konpromisoa" barneratu nahi diete umetatik.

Herriko gaien inguruan ekarpenak egiten hasi dira haurrak. Iraurgi Ikastetxean probatu dute esperientzia 4 eta 5 urteko umeek, lan proiektu baten bidez. Azpeitiko bederatzi jolas-parke aztertu dituzte lantaldeetan, eta haien hutsune eta indarguneak jaso dituzte txosten batean. Behin lanketa eginda, Azpeitiko Udalaren Azpeitia Denon Artean proiektuaren barruan, Aitor Bereziartua Hirigintza zinegotziari entregatu dizkiote ondorioak, erakundeak hobekuntzak egin ditzan.

Aditu ikuspuntutik aztertu dituzte parkeak umeek. Izan ere, haiek dira gune horien inguruan gehien ulertzen dutenak. "Guk ezagutzen ditugu ondoen parkeak, eta badakigu zer dagoen gaizki eta zerekin har dezakegun min", azaldu dute. Ikaskideek aho batez esan dute "oso ondo" sentitu direla lanean. Hezitzaileen arabera, ulertu dute helduek zenbait esparrutan parte hartzeko aukera duten bezala, haurrek izan ditzaketela beraien arloak ere.

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.