Saninazioen ostean hasiko dira azoka plazako beheko solairuaren eraberritze lanekin

Uztarria.eus 2016ko eka. 24a, 14:57
Azoka plaza.

Altuna y Uria enpresak egingo ditu obrak. 821.000 euroko aurrekontua izango dute konponketa lanek, BEZa kanpo, eta sei-zortzi hilabeteko iraupena izatea aurreikusten du Udalak. 

Bukatu da azoka plazako beheko solairua eraberritzeko obren lehiaketa publikoa, eta kontratazio mahaiak hala erabakita, Altuna y Uria enpresak egingo ditu obrak. Eraberritze lanek 821.000 euroko aurrekontua dute, BEZa kanpo, eta obrek sei-zortzi hilabeteko iraupena izatea aurreikusten du Udalak.

Azoka plazaren beheko solairuan hiru postu finko izango dira: "harategia, arrandegia eta bertako produktuen gunea izan nahi duen beste bat. Horiez gain, sukaldea ere izango da", jakinarazi du Udalak.

"Etorkizuneko erronkei begira", herriko baserritarrekin eta eragileekin elkarlanean, "prozesu parte-hartzailea" jarri du martxan Udalak. Azaldu dutenez, proiektuaren helburua da "azoka plaza eraberritzea eta azoka plaza biziagoa sortzea, bertako produktuak oinarri dituena".