Abian dira udaleku irekiak

Uztarria.eus 2016ko eka. 23a, 14:53

Atzo, asteazkena, jarri zituzten martxan udaleku irekiak. Ekintza ezberdinez gozatzeko aukera izango dute Haur Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta Batxilergoko bigarren mailara bitarteko 350 haurrek eta nerabek, uztailaren 22ra bitartean. Sei programa ezberdinetan banatuko dira udalekuetan izena eman duten haur eta nerabeak, eta programaren arabera jarduera ezberdinak egingo dituzte. 

Aurtengo udalekuetarako prestatu dituzten hainbat ekintza herriko kirol eta kultur talde ezbedinekin elkarlanean antolatu dituzte. Horrela, haur eta gaztetxoek hainbat pareta margotuko dituzte Arte eta Diseinu taldearekin, Lagun Onak Txirrindulari Elkartearekin mendi-bizikletan ibiliko dira, Capoeira ezagutzeko aukera izango dute Capoeira taldeko kideen batera, Oinatz elkarte animalista taldearekin muralak margotuko dituzte, Antxieta Arkeologi Taldearekin Xoxotera irteera egingo dute, Xeye atletismo taldearekin zirkuitu eta froga ezberdinak probatuko dituzte eta Gariaren Matxinadaren harira altxorraren bila egingo dute.