Bakoitzak beretik, artea sortzen

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 23a, 13:33
Quintana, Pozo, Horrillo, Masa eta Larrañaga, erakusketan. (Eneritz Albizu Lizaso)

36 urte damakizkite lanean Azpeitiko Arte eta Diseinuko kideek, eta beste horrenbeste erakusketa jarri dituzte herrian. Umetatik hasi eta 80 urte bitarteko ikasleak dituzte.

Urte luzez ari dira lanean Azpeitiko Arte eta Diseinu akademiako kideak. "Betidanik", esan dute beraiek. Izan ere, 1980an ireki zituen ateak akademiak, eta ordutik ez dute egin geldialdirik. Ikasturte adina erakusketa jarri dituzte herrian; Antxietan izaten ziren lehendabizi, eta Betharram aretoan jartzen dituzte azken urteetan. 80 ikasle inguru izan dituzte aurten, umetatik hasi, eta 80 urte artean. Haien lanak bildu dituzte: marrazkiak, eskulturak, taillak, koadroak eta abar daude ikusgai, hilaren 30a bitartean. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara dute irekita erakusketa; eta 12:00etatik 14:00etara, larunbat eta igandeetan.

Umeekin marrazketa eta eskulana lantzen dute gehien. "Dena den, gehienbat oinarrizko gaitasunak lantzen ditugu: sormena, imajinazioa eta psikomotrizitatea, adibidez", azaldu du Beatriz Pozo irakasleak. "Edozer arte mota" lantzen dutela gehitu du Miriam Quintana irakasleak, "norberak nahi duena, interesatzen zaiona". Astean sei ordu izaten dituzte haurrek akademiara joateko, eta beraiek aukeratzen dute maiztasuna.

Helduekin, berriz, teknikak jorratzen dituztela esan dute. Leticia Masa ikasle azkoitiarrak adierazi du marrazketa lantzen duela gehien berak. Izan ere, “askatasuna” da beraien lana egiteko moduaren gakoa. "Hona iristean, inork ez dizu esaten zer edo nola egin behar duzun, eta hori da gehien gustatzen zaidana", esan du Intza Larrañaga ikasle azpeitiarrak.

Jarraitu irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean