Zabalik da ekintzaileentzako diru-laguntzak eskatzeko epea

Uztarria.eus 2016ko eka. 22a, 19:31

Ekainaren 30era bitartean aurkeztu beharko dituzte proiektuak eskaera egin nahi dutenek. Guztira 15 proiektu lagunduko dituzte diruz: Ideia ekintzaileak duten zortzi proiektu eta negozio-ideia zehaztua duten zazpi proiektu.

Urola Erdiko ekintzaileek euren proiektuak garatu eta aurrera eramateko diru-laguntzak banatuko ditu Azpeitiko Udalak, eta dagoeneko zabaldu dute eskaerak egiteko epea. Diru-laguntza horiek Lanbidek jarri ditu abian, baina Udalak banatuko ditu Lanbideren entitate kolaboratzaile baimendua delako. 

Guztira, 15 proiekturen artean banatuko dituzte diru-laguntzak. Alde batetik, enpresa-ideia bat duten ekintzaileen artean zortzi proiektu lagunduko dituzte diruz; eta bestetik, negozio-ideia zehaztua duten zazpi proiektu.

Enpresa-ideia bat garatzeko laguntza, gehienez 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko sustengu ekonomikoa, berriz, 1.500 eurokoa izango da gehienez, hori ere proiektu bakoitzeko. Kopuru horiek % 15 handituko dira baldin eta proiektuaren sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada eskaera aurkezten duen unean. Eskaera egiten duena emakumezkoa bada, beste % 15 handituko da diru-laguntza. 

Ideia eta proiektu ekintzaileak dituztenek bete beharreko balintzak, hemen: 

  • Langabezian egotea.
  • EAEn erroldatuta egotea.
  • Autonomo moduan aritu gabea izatea eta jarduera ekonomikoaren zergan alta eman gabe egotea.

Honako dokumentuak aurkeztu behar dira udaletxean:

  • Ideiaren azalpena orri batean idatzita.
  • NANaren kopia.
  • Langabeziaren ziurtagiria.
  • Curriculum Vitae-a.

Proiektuak aurkezteko eta eskaerak egiteko azken eguna ekainaren 30a, osteguna, izango da eta Udaleko sarrera erregistroan egin beharko da eskaera, honako ordutegian: astelehenetik ostegunera, 08:30etik 14:00etara; eta ostiraletan, 09:00etatik 12:30era. Proiektuen aukeraketa eskaerak iristen diren ordenaren arabera egingo da, beti ere aurkeztutako proiektuek eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Aukeratzen dituzten proiektuen hautagaiek uztailaren 4ean hasiko dute tutorizazio prozesua.