Erlakiztena

Koldo Aldalur 2016ko eka. 22a, 16:51

Ba al dakizue zertan geratu den Alaitasun triste bat izenburupean, gurean behintzat, hainbeste hauts harrotu zuen Pako Aristi idazleak ekainaren 5eko herri galdeketaren bezperan Berria-n argitaratu zuen iritzi artikulua?

Hain egun seinalatuan kalera irten eta entzun nuen lehen iritzi 'eraikitzailea' honakoa izan zen: "Esaiok hire lagun horri ea artikulua idatzi zuenean bekatxoa zuen bizi-bizi betondoan, edo erlakizten handiren bat atzekalde horretan, bestela etzegok horrelako amorruarekin idazterik, noiz eta, hain zuzen ere, gurean hainbesteko askatasun ilusioa sortu den unean".

"Gurean" definitzeko ez eskatu, eta "ilusioa" itxaropena ala errealitatetik gutxi duena den ere ez, mesedez, haria galduko dut eta. Aurrera, beraz.

Nik ere batzuetan pentsatu izan dut hainbatek ezagutzen duen autokritika bakarra egunkarietan auto modelo berriei eginiko kritika dela, baina kasu honetan kritikarako arrazoirik badela susmatzen dut.

Pakok ez du protagonismo beharrik, herri honetan gertatzen ari dena aspaldidanik ikuspuntu ez-ofizialetik aztertu nahi izan duelako eta desberdin pentsatze honek beti ekarri izan dio artaldetik bereizteko modua; badakizue, ardi beltzarena. Horregatik ez dut ulertzen galdeketa-independentzia fenomenoa beste prisma batetik aztertu nahi bazuen, zergatik aukeratu zuen festa giroa zapuzteko aproposena zen eguna. Denbora nahikoa izan du, eta du, ur geldiak erabat ustel ez daitezen makila hartu eta astintzeko. Eta behin ura haizetu duenean bere isiltasuna ulertezina izango litzateke. Gaia nahi zuen tokian dauka.

Urrestildarrak tonuan egin zuen barkamenik ez duen apustu galtzailea. Artikulua "oso xume idatziko dizut" esanez abiatu zuen, eta tonu paternalista horretan segitu amaiera arte. Soilik falta zuen esatea "idatziko dut, zuek, gizaki arruntok, egungo egoera politiko, sozial, kultural eta ekonomikoa testuinguruan jartzeko nire ahalmen jainkotiarra ez duzuenok ulertzeko moduan, nahiz eta ni bezalako intelektual batentzat esfortzu izugarria izan maila hainbeste jaistea". Edo tankerako zerbait.

Barkatzekoa da, hala ere. Hainbeste urtetan, igandero-igandero, hutsik egin gabe, herriko elizan organoa jo izanak horrelako ukitu paternalista eta naftalinosoa uzten du kaskezurrean gordeta, eta sermoiz sermoi iltzekatutako tonua ezin ba orain kolpetik baztertu desintoxikazio prozesua behar den bezala gauzatu arte.

Baina gure Pakitoren neuronak ez daude, eliza gehienetako egurraren moduan, pipiak jota eta badaki zertaz eta zertan ari den. Horregatik galdetu nahi izan dut ea zertan diren ditxosozko artikuluan Aristik planteatutako hainbat argudio nire ustez interesgarri; eta eraikitzaile ere bai, agian. Azala eta mamia bereizte aldera, batez ere.

Zioen hautua egin beharra dugula aske edo menpeko izan nahi dugun argitzeko. Ea plazaratu zen galdera -Herri libre bateko biztanle izan nahi duzu?- herri sano batek galde diezaiokeen bere buruari, ala berezko menpekotasuna onartua dagoen galdera berean. Galderak erantzuna erantzungo balu bezala, alegia.

Pakok gaineratu zuen independentzia eskubide zalantzan jarri ezina dela, eztabaida ororen aurretikoa, herri baten existentzia ez dela negoziatzen. Geure burua zenbat makurtu behar dugun ez-existentziaren eztabaidan onartuko bagenu bezala.

Autodeterminazioak independentzia duela baldintza ere badio. Ordena dela aldatzen dena; independentziak dakartzala autodeterminazioa eta demokrazia, eta ez alderantziz.

Egia ote da ekainaren 5eko bozketa testuinguru hori kontuan hartu gabe antolatu zela? Amestutako independentzia horrelako bozketen bidez helduko dela zapalkuntzapean bizi den tentsio historiko izugarria duen herri honetara? Egia ote estatu propioa izateko helbururik gabe, zapaltzen gaituztenen ideologia eta logika barneratzen ari garela? Barneratu arazi diguten konfliktoa ulertzeko era berez gure baratzekoa dela sinetsi eta defenditzeraino?

Ikusi ere ez baditugu egiten, eta ondorioz, zalantzan jartzen, nola ez ditugu ba barneratuak izango inposaturiko errealitateok?

Eta zalantzetan murgildurik, egia ote da ba afera gure esku dagoela esaten dugunean, juxtu hori, interpretaziorik gabe, esan nahi dugula? Gure esku? Baieztapena eta desioa uztarri berean ote doazen gaineratu nahi nuke, Sarrik azken liburuan plazaratutako ideia sortari so egin ostean.

Gehienetan bezala, erantzunak baino galderak askoz gehiago sortzen ditu Pako Aristiren artikuluak, eta hor sortzen da arazoa, nire ustez. Eztabaida interesgarriaren aukera galtzen ari ote garen, alegia.

Bekatxoaren eta erlakiztenaren aitzakian galderok sortzen dizkiguten zalantzen hausnarketari uko egiten badiogu, etsaiek lasai egingo dute lo. Herri honen drama ez da, txontxongiloak bagina bezala, gure ideien lokarriak beraien interesetara mugitzen dituzten aberaskiloek lasai lo egitea, guk, sortu diguten klase ertainaren estatus gozo bezain irreal honen altzoaren epelean gustura ematen dugula gaua baizik.

Nik bai eman nuen botoa. Pakori kontra eginez irribarre batekin gainera, baina geratu zitzaidan menperatu aurpegiak ez du esan nahi, hausnarketaren ondorioz eztabaidarik bada, uko egingo diodanik.

Faltan botatzen dut, hori bai, independentzia zalea naizela ondorioztatzera eramango nauen barne eta kanpo hausnartze prozesua. Intuizioak dituen abantailak baztertu gabe sentimendutik praktikotasunera pasatu nahi nuke, kontzeptu hetereoetatik tangibleetara, batzuetan otutzen zaidalako mendizalea, pilotazalea, eguzkizalea edo, bazkaria prestatzen ari naizela, ogia kazuelan sartu zalea naizen bezala naizela independentzia zalea; inertziaz, bestelako arrazoirik gabe.

Estatua duten nazioetan ez dela horrelako kezkarik, dena ez dagoela arrazoitu beharrik, eta pentsakera hori ere menpetasunean bizi garenon ezaugarria dela argudia daiteke. Ados, argudiatuta.

Galderarik gabeko herriak bide motza du; galdera asko egiten duenak badaki, abiatu aurretik, bidean gorriak ikusi beharko dituela; baina azken finean, ez al dugu gizarte beltz, gorri, more, berde, mila kolorekoa nahi? Erosotasun kontsumistaren trajea zikintzeko arriskuaren jabe izanik ere, segitu egin beharko dugu gure etorkizuna margotzen.

Ez dut uste Pakok mahai gainean jarri nahi duen eztabaida prozesu proposamen hori bozketa bultzatu zutenei soilik zuzendua denik. Herri eraikuntza transbertsala izango da, edo ez da izango.

Pakok eta, Pakok bezala, konformismo onartu horretan ez itotzeko urak mugitzen saiatzen direnek lan ederra dute nirekin eta ni bezalakoekin.<(p>

Baina jakin dezatela pronto gaudela irakatsi nahi diguten dena ikasteko, baldin eta pulpitotik jaitsi ondoren herri hau ilusioz blai egiten duten erreka borbortsuetan murgiltzen badira aurretik, naftalina kiratsa uxatzeko.

Ez dugu aspertzeko beta handirik izango aurrerantzean.