Munduari bira eman diote Juan Antxietakoek musikaren bila

Uztarria.eus 2016ko eka. 22a, 12:12

Juan Antxieta Musika Eskolak atzo, asteartea, egin zuen Soreasun ikasturte amaierako jaialdia. Urtero legez, jendez bete ziren antzokiko eserlekuak eta ikus-entzuleek txaloz eskertu zituzten ikasle, irakasle eta aktoreen emanaldiak. Non da musika? Lagun iezaguzu aurkitzen! izena eman zioten jaialdiari. Fa eta Do detektibeek (Alaitz Olaizola eta June Urain) azti batek Euskal Herrian lapurtutako musikaren bila bost kontinentetan zehar egindako bidaia izan zen ikuskizunaren ardatza; eta gorputza, nola ez, bidaia horretan bisitatzen zituzten herrialdeetako musika, Juan Antxietako ikasleek eta irakasleek emana.