Gaur, atzo bezala, errefuxiatuen eguna da

IƱaki Azkue (Azpeitiko EH Bilduko kidea) 2016ko eka. 21a, 18:29

Gaur ere errefuxiatuen eguna da. Atzo, ekainak 20, egun ofiziala zen, Nazio Batuen Batzar Orokorrak errefuxiatuen egun gisa izendatua. Baina, gure ustez, egunero izan behar luke errefuxiatuen eguna, munduan 65 milioi errefuxiatu daudenez. Denak gerrak eta goseak eragindakoak. Eta, guk ere, euskaldunok, ondo dakigu errefuxiatu izatea zer den; besteak beste, duela 80 urte, 19.000 haur euskaldunek gure herritik alde egin eta errefuxiatu behar izan baitzuten munduko beste hainbat herrialdetan, gerraren ondorioz.

Inor ez da borondatez bere herrialdetik irteten. Eta errefuxiatuen egoera ez da gauetik goizera sortu. Europak eta mundu mailako potentzia handienek hamarkadetan hartutako erabakien ondorioa da. Europak, esaterako, nazioarteko legeria bihurritu eta giza eskubideen babesa bultzatuko lukeen jarrera humanistari eutsi beharrean, neurri polizial eta militarrak aktibatu ditu azken hilabeteetan. Horren adibide da, denok lotsa arazten gaituen Turkiarekin egindako akordioa.

Errefuxiatu bakoitzaren atzean gizakiak daude. Eta gizakien oinarrizko eskubideak urratzen ari dira etengabe Europan. Gezur handi baten aurrean gaude, itxurakeria da nagusi, baina Turkian 8 siriar errefuxiatu erail dituzte aste honetan, eta egunero gertatzen ari da. Itsasoak gorputzez betetzen ari dira. Ezin da beste aldera begiratu.

Arduragabekeria eta giza eskubideen urraketa erraldoiaren aurrean gaude. Europara iristeko nahian 25.000 lagun hil dira itota. Hauek ez al dira erailketak? Hauek ez al dute merezi babesik, aitormenik eta laguntzarik? Ez al ziren giza eskubideak absolutu etiko bat? Edo "batzuentzat" bakarrik balio dute eskaera etikoek? Lotsa sorrarazten duten erantzule gabeko 25.000 erailketa.

Mugarik Gabeko Medikuak (Medecins Sans Frontieres – www.msf.org ) erakundeak Europako diru-laguntzei uko egin die Turkiarekin egindako akordioa salatzeko. Herritarrok ere berdina exijitu behar dugu, behingoz, Turkiarekin egindako akordio lotsagabea indarrik gabe utziaz. Eta, errefuxiatuekiko etorrera, elkartasuna eta eskubideen babestea exijitu Europako Batasunari.