Herriko jolas-parkeen egoera hobetzeko txostena aurkeztu dute Iraurgiko ikasleek udaletxean

Uztarria.eus 2016ko eka. 17a, 13:47

Iraurgi ikastetxeko Haur Hezkuntzako 4 urteko ikasleek Nor gara gu, zer gara gu: azpeitiarrak! izeneko proiektua landu dute ikasturtean zehar."Herria baino hurbilagoko gairik ez dagoela ikusita, Azpeitia ezagutzeko lanketa sakonago egitea pentsatu zuten", azaldu dute Iraurgi ikastetxeko ordezkariek. Horretarako, lehenik udaletxera joan ziren herriko mapak eskatzera, eta ondoren hasi ziren proiektua lantzen. Udaletxera joan zirenean, baina, Azpeitia denon artean izeneko gunea zegoela ikusita, "ikasleek proiektuarekin bat egitea" pentsatu zutela azaldu dute Iraurgi ikastetxekoek, "haurrak izan arren, herritarrak direlako eta euren iritzia dutelako". 

Ikasleek jolas-parkeen balorazioa egin zuten, horiek hobetzeko zer egin daitekeen azalduz idatzizko txosten baten bidez, eta udaletxera eraman zuten ondoren. Horrela, aste honetan Aitor Bereziartua zinegotziarekin bildu dira eta jolas-parkeen inguruan duten iritzia eman diote Bereziartuari. Iraurgi ikastetxekoek azaldu dutenez, "haurrak gustura gelditu dira zinegotziak txostena berrikusi duelako eta jolas-parkeen egoera hobetzeko beraien esku dagoena egingo dutela azaldu dielako". Behin ikasleak beraien iritzia emanda, Iraurgi ikastetxekoek "eskerrak" eman dizkiete Udalari beraien ekarpenak "kontuan hartzeagatik".