Ingurumena herritik

Aitor Bereziartua (Udaleko Ingurumen batzordeburua) 2016ko eka. 16a, 18:33

Orain dela urte dexente, mutil koskorra nintzela, lagun artean Errezildik Azpeitia aldera bizikletaz gentozela, lagun batek zera esan zuen: "Ibaiaren zati bat urik gabe geratu da, eta amuarrainak eskuz arrantzatu daitezke". Esan eta egin, hor joan ginen denok bizikletak bide ertzean laga eta arrantzara, garai hartan Azpeitiko ibai nagusietan ez baitzen amuarrain gehiegirik.

Handik denbora batera, lehortutako zatiak ibaia izateari utzi ziola ohartu nintzen (ibaiaren bidea aldatu zuten). Aipatu dudan ibai hori Errezil ibaia zen, eta urik gabe geratu zen gunea orain Lapatx zabortegia dagoen lekua da.

Gustura, harrapatutako amuarrainekin baserrira joan nintzen, eta amak zera esan zidan: "Ze ibai zikinetan harrapaituk arrai hoiek? Ziur bizik zeudela?... Heuk jan beharko dituk ba denak!”. Garai hartan, amak ez zuen arrazoi faltarik. Gure baserri azpikaldetik Ibaieder pasatzen da eta, garai batean, baserri lurrak zirenetan enpresak zeuden (horra zergatik debekatu ziguten ibaian igeri egitea), eta bazen denbora Landeta aldean ibaiak 'eder' hitzaren zentzua galdua zuela.

Holaxe kontuak, afaldu nituen amuarrain guztiak, eta jan-hondarrak zaborrontzira bota ondoren (zabor mota denak ontzi berdinean jasotzen ziren), kale aldera eraman ninduen aitak, autoz. Noski, ilunpearen arriskuarengatik gauez bizikletan ibiltzea ez zenez gurasoen gustukoa, autoz eramaten ninduten. Hala ere, gustura bizi nintzen, arrantzak kalterik ez zidan egiten eta Martxieleneko ke eta zarata pixkatengatik ez nintzen ernegatuko.

Laurogeigarren hamarkadako kontuak dira guztiak eta, gaur egun, zer pentsatua ematen didate. Azken urteotan, badirudi gure gizartean ingurumenaren inguruan konzientzia berezi bat sortu zaigula, ziurrenik bai herri mailan, bai mundu mailan izan ditugun arazoek eraginda. Ingurumena zaintzeko sortutako pentsakeraren eboluzio honek, pixkanaka-pixkanaka, egoera hobetzeko eta zaintzeko kultura sortu du. Eta, egia esan, hau da bidea. Eta bide hau bultzatu nahi dugu Udaletik ere.

  • ZABORRAK: zabor bilketa sistema berria ezartzean %70eko gaikako bilketa lortzea, Lapatxen gure etxeetako zaborrak botatzearekin amaitzea, lur zoru kutsatuak egokitzea eta sortzen jarraituko dugun zaborrari posible den irtenbiderik jasangarriena ematea (berrerabilpena, birziklapena...).
  • KLIMA ALDAKETA: ibilgailu elektrikoen aldeko apustua egitea, garraio publikoaren erabilera bultzatzea, bidegorri sarea osatzea, eraikinen efizientzia energetikoa hobetzea, eta gune berdeak eta biodibertsitatea zaintzea.
  • ENERGIA: argiterian LED sistemaren eta igerilekuan geotermia sistemaren bidez energia aurreztea, beste energia berriztagarri batzuk (biomasa, eguzki panelak...) ezartzeko aukerak aztertu eta ezartzea...
  • KONZIENTZIAZIOA/SENTSIBILIZAZIOA: Ingurugiro Museoaren eta Agenda 21eko ekintzekin jarraitzea, ikastetxeekin eta Urola Erdiko Mankomunitatearekin elkarlana sendotzea, eta herritarrekin batera hobekuntza egiten jarraitzea.

Beraz, goikoak izango dira hurrengo urteetako gure apustuak, zeren eta pertsona denera egiten dela dirudien arren (baita gauza desegokietara ere), kontuan izan behar dugu ingurumena ez dela egoera guztietara egokitzen.