Aukeratu dituzte Marea Arroxaren saninazioetako kamisetarako marrazkia eta leloa

Uztarria.eus 2016ko eka. 15a, 12:03
Aurtengo festetako kamisetarako aukeratu duten diseinua.

"Eztanda arroxa!" izango da aurten Marea Arroxaren leloa, eta Leire Ugarte azpeitiarrak egindako diseinua izango da kamisetetan eramango dutena. 

Marea Arroxaren saninazioetako aurtengo kamisetak baditu marrazkia eta leloa dagoeneko. Atzo, ekainak 14, aukeratu zuten kamisetaren diseinua, festak antolatzeko plazan egin ohi duten batzarrean. Iritzia ematera animatu ziren 35 lagunen artean hartu zuten erabakia, eta Leire Ugarte azpeitiarrak egindako diseinua izan zen boto gehien jaso zituena. Horrenbestez, hori izango da aurtengo festetan Marea Arroxak izango duen irudia.

Festa batzordearen baloreak zein diren "azaleratu eta azpimarratu" nahi dituzte Marea Arroxako kideek eta horregatik ezinbesteko baldintza bezala jarri zuten lau ikurrak (feminismoarena, presoak etxeratzearen aldekoa, zero zaborren ikurra eta Euskal Herrian Euskarazekoa) jartzea. Guztira, hamabi diseinu ezberdin aurkeztu zituzten kamiseta arroxaren marrazkia eta leloa aukeratzeko Haujijijai!k antolatu zuen lehiaketara. 

Saninazioak antolatzen hasi dira dagoeneko Marea Arroxako kideak, baina beraien helburua da "plazan egiten diren batzarretara geroz eta herritar gehiago animatzea". Astearteetan egiten dute bilera orokorra, 21:00etan udaletxe azpiko arkupeetan. Marea Arroxatik adierazi dutenez, "festak antolatzera begira ideiak bota, iritzia eman eta bere alea jarri nahi duen oro izango da ongi etorria".