Basazabal jauregia eraberritzeari ekin dio Udalak

Uztarria.eus 2016ko eka. 14a, 14:13
Atzo hasi zituzten teilatuaren konponketa lanak (Azpeitiko Udala).

Konponketen lehen faseak, teilatukoak, 32.212 euroko aurrekontua izango du. Obrek iraun bitartean, "konponketa lanek hala eskatzen badute", Enparan kalea itxita egongo dela jakinarazi du Udalak. 

Atzo, astelehena, hasi zituzten Basazabal jauregiko eraberritze lanak, teilatuaren konponketarekin. Udalak "eraikina konpondu eta herritar zein bisitarientzat irekitzeko asmoa" du, eta horren harira, eraberritze lanak egiteko 300.000 euroko diru-laguntza jaso zuen joan den martxoan.

Basazabal jauregiaren obrekin hasi aurretik, eraikinean hainbat azterketa egin dituzte. Esaterako, eraikinaren harria eta egurraren egoera aztertu dituzte, gero horiei eman beharreko tratamenduak zehazteko. "Teknikariek ezinbestekotzat jo dute berehala teilatua konpontzea, egoera kaskarrean baitago; beraz, teilak aldatu eta beste hainbat lan egiteari ekin zaio", azaldu du Udalak.

Teilatuaren konponketa lanek 32.212 euroko aurrekontua izango dute eta obrek hilabete inguruko iraupena izatea aurreikusten du Udalak. Konponketa lanek iraun bitartean, obrek horrela eskatzen badute, Enparan kalea itxita egongo da.

Eraikinaren etorkizuneko erabilerari eta edukiaren inguruko "azterketa eta lanketa" egiten ari da Udala, eta bide horretan herritarrek garairen inguruan ekarpenak egiteko "bideak" jarriko dituztela azaldu dute. Hala ere, azpimarratu dute, "edozein unetan herritarrek eraikinaren etorkizuneko erabileraren inguruko edozein ekarpen" egin dezaketela Udalean.