1766ko matxinadaren inguruko azkenengo hitzaldia izango da asteazkenean

Uztarria.eus 2016ko eka. 13a, 15:52

19:00etan hasita, Gariaren Matxinadaren garaiko kulturaz eta umoreaz arituko da Iñigo Aranbarri idazlea, Sanagustin kulturgunean.

1766ko matxinadaren 250. urteurrenaren bueltan antolatutako hitzaldi zikloaren azken saioa izango da asteazkenean, hilak 15, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Solasaldian, 1766ko matxinada, kultura eta umorea izango ditu hizpide Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak. Matxinadaren garaiko El borracho burlado  opera oinarri hartuta, "jauntxoek herri xeheari barre nola egiten zieten" azalduko du Aranbarrik. Gaiaren inguruan ondo jantzita dago azkoitiarra; izan ere, Gariaren Matxinada ardatz, Apirila nobela idatzi zuen, eta orain 1766ko matxinadaren garaiko umorea aztertzeko saiakera idatzi du, Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna izenburupean.

Azpeitian eskaini dituzten hirugarren eta azken hitzaldia izango da asteazkenekoa. Lehen solasaldian, Euskal Herriko XVII. eta XVIII. mendeetako matxinadez eta garai haietako ikuspegi ekonomikoaz aritu zen Joseba Zuazo historialaria. Bigarren hitzaldian, aldiz, Matxinadaren osteko kontrol soziala izan zuen hizpide David Zapirainek. Asteazkeneko saioarekin amaitutzat emango dute Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Maxixatzen Euskara Elkarteak elkarlanean antolatutako 1766ko matxinadaren inguruko hitzaldi zikloa.