Giro bikainarekin estreinatu dute I. Txakolin dastaketa eguna

Uztarria.eus 2016ko eka. 11a, 16:07

Perez Arregi plazan festa giroa nagusi da orduotan. I. Txakolin dastaketa eguna ospatzen ari dira bertan goizeko hamaiketatik eta azpeitiarrek harrera bikaina egin diote egitasmo berriari. Hamalau txakolin upategietako ardoekin batera, parrillan erretako sardinak eta bestelako pintxoak dastatzeko jende asko elkartu da. Bestelako postuak ere ez dira falta: artisautza, gozotegia, kontserbak, barazkiak... aukera zabala prestatu dute antolatzaileek.

15:00etan bazkaria egingo dute plazan bertan. Eta, eguna borobiltzeko, kontzertuak izango dira: Trini Fox eta The Frankis Orkatzen, 17:00etan; eta Skasti eta Kometa plazan, 23:00etan, besteak beste.