Azpeitiko Herritar Txartela sustatzeko hitzarmena sinatu dute Bertanek eta Udalak

Uztarria.eus 2016ko eka. 10a, 13:39
Ezkerretik eskubira, Agustin Lizarralde Merkataritzako zinegotzia, Karmele Zabaleta Bertaneko lehendakaria, Eneko Etxeberria alkatea, Leire Martin Bertaneko lehendakari ohia eta Xabier Aldalur Bertaneko teknikaria.

Txartel berria orain arte zegoen Bertan fideltasun txartelaren "eboluzioa" da eta horren helburua izango da bezeroei "zerbitzu osoagoa ematea". Hilabete batzuk barru jarriko dute martxan txartel berria. 

Azpeitiko Herritar Txartela abian jartzeko hitzarmena sinatu dute gaur, ostirala, Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak eta Azpeitiko Udalak. 

Txartel berria orain arte zegoen Bertan fideltasun txartelaren "eboluzioa" izango dela azaldu du Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak: "Orain arteko fideltasun txartelak elkarteko dendetan erosketak egiteko eta hainbat zozketetan parte hartzeko soilik balio zuen. Orain, beste bi erabilera gehituko dizkiogu. Alde batetik, edozein dendetan ordainketak egiteko balioko du, Visa txartelaren moduan, eta bestetik, Udal instalazioetan erabiltzeko aukera izango da", azaldu du Aldalurrek. Horrela, kiroldegira sartzeko edo liburutegiko zerbitzuak eskuratzeko balioko du. Bertaneko teknikariak azaldu duenez, txartelaren helburua da "herritarrei zerbitzu osoagoa" ematea.

Azpeitiko Herritar Txartela martxan jartzea "eman beharreko" pausoa dela ere azpimarratu du Xabier Aldalurrek, "elkarte bezala hazten eta garatzen jarraitzeko". Bestalde, prozesua "luzea" izan dela azaldu du Bertaneko teknikariak, eta "eskerrak" eman dizkio Udalari "hitzarmenari esker, txartela abian jartzea posible egiteagatik". 

Eneko Etxeberria alkateak, bere aldetik, komertzio txikien "garrantzia" azpimarratu du: "Herriko komertzio txikiek lanpostuak sortzen dituzte, herria bizirik egotea ahalbidetzen dute, eta parte-hartze soziala ere bultzatzen dute, hainbat egitasmo antolatuta: urtean zehar egiten dituzten zozketak edota haurren Gabonetako parkea kasu. Gainera, komertzio txikietan erosita bertako ekonomian gelditzen da, gastatutakoren %50a baino gehiago", azaldu du Etxeberriak. "Guk komertzio txikiak lagundu nahi ditugu, industria handiak laguntzen ditugun modu berean. Horregatik sustatu nahi ditugu Azpeitiko Herritar Txartela bezalako egitasmoak, herritarrak herrian erostera animatzeko", gaineratu du Azpeitiko alkateak. 

Behin hitzarmena sinatuta, hilabete batzuk barru jarriko dute martxan txartel berria. Azpeitiko Herritar Txartela abian jartzeko data gerturatzen joan ahala, informazio zehatzagoa emango dutela jakinarazi dute.