Maiatzeko langabezia tasa %10,6koa izan da Azpeitian

Uztarria.eus 2016ko eka. 9a, 12:19

Iazko maiatzean baino 151 langabe gutxiago izan da aurten. Horrenbestez, %16,2 puntu egin du behera langabeziak, iazko maiatzetik aurtengo maiatzera bitartean. Udalaren arabera datuak "onak" dira.

Langabezia tasa %10,6koa izan da maiatzean Azpeitian, Iraurgi Berritzenen datuen arabera. Aurten, iazko maiatzean baino 151 langabe gutxiago izan dira herrian. Izan ere, 2015eko maiatzean 934 ziren langabezian zeuden herritarrak eta aurten 783 pertsona izan dira Lanbiden izena emandakoak. Beraz, langabeziak %16,2 puntu egin du behera, iazko maiatzetik aurtengora bitartean.

Otsailetik maiatzera bitartean ere langabeziak beherako joera izan du, eta maiatzean otsailean baino 79 langabe gutxiago izan dira herrian. Azpeitiko Udalaren arabera, datuak "onak" dira. "Hala ere, langabeziak adina kezkatzen gaitu gaur egun sortzen diren lanpostuen kalitateak”, azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. 

Udalak Azpeitian "ekonomia sustatu eta lanpostuak sortzeko ahaleginak" egiten dituela esan du Eneko Etxeberriak eta horren adibide gisa jarri du Udalaren Sustapen Plana:"Zaila da horren bidez zenbat lanpostu sortu eta mantentzen diren kalkulatzea, baina guk uste dugu egindako lanaren eta jarritako baliabideen isla dela %10,6ko langabezia tasa izatea”.

Hala ere, "hobetzeko asko" dutela esan du Azpeitiko alkateak. "Langabezian dauden 783 azpeitiar horiek gehiegi dira. Eta langabezian dauden horiek lana bilatu dezaten adina lan egingo dugu aurrerantzean ere, lan baldintza prekariotan ari diren horien baldintzak hobetzeko", adierazi du Etxeberriak.

Urola Erdian %11koa da langabezia tasa eta Gipuzkoan %11,5ekoa.