I.Txakolin dastaketa eguna izango da zapatuan

Uztarria.eus 2016ko eka. 8a, 11:39
I. Txakolin dastaketa eguneko antolatzaileak.

Perez Arregi plazan izango da dastaketa, eta bertan jarriko dituzte Getariako Txakolina jatorrizko izendapena duten hamalau upategietago edariak. Bazkaria eta kontzertuak ere antolatu dituzte larunbaterako.

Txakolin dastaketa eguna izango da zapatuan, hilak 11, lehen aldiz Azpeitian, eta hori ospatzeko egun osoko egitaraua prestatu du AZTEk. 

Txakolin dastaketa 11:00etan hasiko da Perez Arregi plazan, eta 15:00etan bukatuko da. Getariako Txakolina jatorrizko izendapena duten hamalau upategietako edaria egongo da. Honakoak dira  parte-hartuko duten upategiak: Agerre, Hiruzta, Akarregi Txiki, Sagarmamiña, Elkano, Flysh, Etxetxo, Txomin Etxaniz, Roke Eizagirre, Basalore, Mokoroa, Ameztoi, Urki eta Ulacia. Horrez gain, jakien eta artisauen postuak ere izango dira Perez Arregi plazan, baita trikitilariak ere. 

Edariari laguntzeko, tortila eta txorizo pintxoak eta sardina razioak jarriko dituzte; azken horiek momentuan bertan egingo dituzte plazatxoan jarriko duten parrilan. Dastaketa amaitutakoan, 15:00ak aldera, bazkaria egingo dute Perez Arregi plazan. Bakailao tortila eta sahieskiak prestatuko dituzte, besteak beste, eta edateko, txakolina, ardoa nahiz garagardoa izango dira aukeran. Bazkaria 18 euro ordaindu beharko da, eta izena emateko azken eguna bihar, osteguna, da. Etxe-Zuri tabernan edo 943-02 68 56 telefonozo zenbakira deituta egin daiteke izen-ematea.

Antolaketa lanetan aritu da Etxe-Zuriko Iñaki Areizaga, eta azaldu duenez, "aurtengo dastaketa ondo irteten bada" datozen urteetan ere txakolin dastaketa eguna antolatzen jarraitzea ez dute baztertzen. Bestalde, esan du, upategietako jabeek "interes berezia" erakutsi dutela Azpeitira etortzeko, eta hori "ona" dela.

Festa luzatzeko, kontzertuak antolatu dituzte gauerako. Horrela, Skasti eta Kometa taldeen zuzenekoak izango dira herriko plazan, 23:00etan hasita.