Lagun Onakek 1 eta 0 gainditu du Aguilas Garmendipen

Uztarria.eus 2016ko eka. 4a, 23:33

Orain hamabost egun Avilesen aurka bezala, Lagun Onakek aurrea hartu du Bigarren B mailarako igoera faseko bigarren kanporaketan ere. Gaur, zapatua, Aguilas FC 1 eta 0 gainditu dute azpeitiarrek Garmendipen, kanporaketaren joaneko partidan. Neurketaren azken arnasean, 90. minutua beteta zela, iritsi da partidako gol bakarra. Bigarren zatian Erik Aranbururen ordez zelairatu den Mikel Landa izan da goleatzailea; Landa -16 zenbakiarekin- taldekideekin eta zaletuekin gola ospatzen ikus daiteke Agustin Jimenezek Twitterrera igo duen bideo honetan.

Lagun Onakek lehen zatian merezi eta lortu ez duen gola eskuratu du azken txanpan. Izan ere, aurreneko 45 minutuetan aukera asko eta batzuk oso garbiak ere izan dituzte etxekoek, batez ere Alex Aizpuruk, baina husnakoarekin iritsi dira atsedenaldira. Bigarren zatia trabatuagoa izan da, Aguilasekoek berdinketa ontzat ematen zutela zirudien eta Pablo Turrillasen taldea, berriz, nahi eta ezinean ibili da denbora luzean. Ahaleginean ez dute etsi, ordea, eta merezitako saria bereganatu dute.

Aguilasera joateko autobusa

Igandean, ekainak 12, jokatuko da Murtziako Aguilas herrian itzulerako partida, 18:00etan. Bidaia dezentez luzeagoa dela eta igandean jokatzeak gauzak errazten ez dituela jakitun izanda ere, Avilesera joateko egin bezala, Lagun Onakek autobusa jarriko du hara joan nahi dutenentzat. 40 laguneko taldea osatuz gero egingo dute bidaia. Aurrekoan bezala, joateko asmoa dutenek Garmendipeko bulegoetan eman behar dute izena, ostegunerako.

"Golak bizitza ematen digu"

Pozik eta taldeak lortutako emaitzarekin "gustura" zegoen neurketa amaieran Pablo Turrillas Lagun Onakeko entrenatzailea. "Aukerekin joango gara, eta hori nahi genuen. Badakigu han izugarri sufritzea tokatuko zaigula, baina kontuz Lagun Onakekin. Golak bizitza ematen digu", esan du debarrak.