Sortzaile berrien arrastoan

Gipuzkoako Hitza 2016ko eka. 3a, 18:31
oreasuren jarduna herriko talde eta norbanakoekin erabaki nahi du Udalak. (ENERITZ ALBIZU LIZASO)

Gipuzkoako Hitza herrialdeko udalerri guztiei eskainitako erreportajeekin saila osatzen ari da eta, aste honetan, Azpeitiari tokatu zaio txanda.

Azpeitia. Herri euskalduna. Euskal Herrian 10.000tik gora biztanle dituzten herrien artean batez beste euskaldun gehien duena —14.822 biztanle zituen iaz—. Azpeitiarren %86k kalean euskaraz egiten dutela zioen EAEko Soziolingustika Klusterrak duela urte batzuk egindako azterketa batek.

Herri festazalea ere bada. Egutegian gorriz markatuak izaten dituzten data guztiak dira horren lekuko: sansebastianak, inauteriak, santiagoak, saninazioak, santomasak... Eta festak aipatuta, ezin zezenak aipatu gabe utzi, kontrakoen zein aldekoen iritziak iritzi, sokamuturra eta zezenketak Azpeitiko festen parte eta bereizgarri baitira. Eta baita bisitariak hartzeko aitzakia ere.

Dena dela, herrira turista gehien erakartzen duen lekua Loiolako Santutegia da, San Ignazioren jaiotetxea izandakoa. Iaz, bigarren urtez jarraian, bisitari kopuruan marka hautsi zuen Loiolako Turismo Bulegoak 30.746 laguni zerbitzua emanda, 2014an baino %13 gehiagori. Bisitari gehienak —%70— taldean joaten dira hara, eta, normalean, santutegia eta haren inguruak ikusi eta beste norabait alde egiten dute. Badira, ordea, herria eta inguruak ikustera gelditzen direnak ere: Burdinbidearen Euskal Museoa dela, herriko parrokia dela... Eta hori antzeman egiten dute herriko denda, taberna eta ostatuek. Iazko abuztuan beteta egon ziren herriko alojamendu guztiak, eta uztailean %80an.

Herriaren historia eta ondarea ezagutzera Azpeitira joaten diren kanpotarrak asko dira, bai, baina baita beste interes batzuengatik doazenak ere. Kulturaren esparruan mugimendu handiko herria baita Urola eskualdekoa. Aski ezagunak dira, esate baterako, han egiten dituzten Euskal Antzerki Topaketak, Euskal Herri osoan euskaraz egiten diren antzerki topaketa bakarrak. Azaroan izaten dira, eta aurtengoa 34. aldia izango da.

Sanagustin kulturguneak arlo horretan egin duen lekua ere aipatzekoa da. Bost urte igaro dira Azpeitiko Kultur Mahaiak proiektua abian jarri zuenetik, eta emaitzak harrigarriak dira. Urteotan —aurtengo datuak kontuan hartu gabe— 641 ekitaldi antolatu ditu kooperatibak, eta 110.352 ikus-entzule izan dira guztira. 2015ean, 31.010 ikus-entzule izan zituzten antolatutako 149 ekitaldietan. Hamar ekitalditatik zortzi herriko beste eragile batzuekin egindako elkarlanaren ondorio izan ziren, eta hamar bat izan ezik, beste guztiak euskaraz. Horrek herriko kultur sormenean eragina du, ekitaldien erdiak baino gehiago herriko sortzaileenak izan daitezen saiatzen baitira —orain arte %54 izan dira—. Proiektuaren arduradunen hitzetan, Azpeitia "oso bizirik" dagoen herria da; "zorte handia dugu".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.