Ekainaren 5eko herri galdeketa

Norenak izan

Jose Luis Otamendi 2016ko eka. 3a, 18:10

Ekainaren 5ean Azpeitian euskal estatu independenteaz egingo den herri galdeketaren inguruan, Uztarria Komunikazio Taldeak iritzia eskatu die hainbat herritarri. Jose Luis Otamendi idazleak idatzi duena da honakoa.

Erabakiak hartzea bizitzak bere-berea duen legea da. Txikiak edo handiak izan, pertsonok etengabe ari gara erabakitzen. Hala ere, berezia da plaza honetara ekarri gaituena. Izan ere ekainaren 5ean, 16 urtez gorako azpeitiarroi erabaki politiko garrantzitsu bat jarriko zaigu parean, esku-eskura. Nahi duenak bozka eman eta libre adierazi ahal izango du euskal estatu independente bateko herritar izan nahi duen edo ez.

Aurrez egina dagoen mundu batera jaiotzen gara, eta gauza asko berez emanak datoz: bihotzeko taupadak, arnasten dugun airea, eguna argitzea... Beste asko, aldiz, geuri osatzea dagokigu nor izateko bidean.

Umetan elkarri egiten genion kale gorriko ohiko galderetako bat izaten zen, Hi nongo haiz?, eta ikasitako erantzuna azkarra: Etxekoa! Horren segidako buztana sarri, Hi zeinena haiz? izaten zen, eta denok genekien orduan zer entzun behar genuen: Amarena! Giza arteko sarbide gisa, terrenoa markatzeko modu bat zela esan daiteke.

Uste dut identitatearena bizi garen artean geurekin daramagun auzi larrietako bat dela, behin eta berriz egiten ditugunen eta esaten ditugunen ispiluaren aurrean jartzen gaituena. Hitzak eta erabakiak. Ekintzak. Jokabideak.

Gogoaren indar bat dago independentzia asmoaren atzean. Nor izan, non, norekin eta nola. Norbaitek egin dezake, ea euskal estatu independentearen kontu hori nola jaten den. Eta ez dirudi erraza kapitala ezartzen ari den anabasa giro globalean.

Nahiagoko nuke estatuaren beharrik gabe jendarte euskaldun, libre eta sozial bat posible balitz, baina neuk ez dut ikusten. Independentzia ez da ezeren berme, badakit, hala ere burura datozkidan aukera egingarrien artean egokienetakoa jotzen dut.

Hitza hartzea eta hitza ematen jakitea, hitzartzearen kultura garatzea harreman natural baterako funtsa da. Euskal Herriak bide horretan sakontzeko abagune historikoa bizi du, kinka horretan gaude, oraindik etxe barruko nahiz kanpoko gatazkei bortxaz erantzuteko joera oso errotua dugun arren, badira beste ziklo batera goazela erakusten duten seinaleak. Hizpide dugun hau da bat. Denean jendea ahalduntzea izango da gakoa segurutik.

Etxarri-Aranatzen aitzindaritzari segika, Azpeitian eta beste 33 euskal herritan independentziaz erabakiko da datorren ekainaren 5ean. Udalerri horietako herritarrek subjektu politiko sendoa osatzen dutela ukatzen zaila dago. Auzolan prozesu sendo baten haizeak ekarri du kontsulta. Parte-hartze mailak esango digu zein den hauspo horren indarra. Hortik beste espazio eta lurraldeetan lan egiteko jauzia etor daiteke aurki.

Berez egungo jendarte ereduak bakartu egiten gaitu. Maiz harresi batean bezala gotortzen gara geure gorputzean, geure etxean, geure arrazoietan eta geure beldurretan. Nire independentzia nahiak kalera narama, jendearekin hitz egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzera. Eskubidez eta ekinbidez pertsona duinen herri bat xede.

Norenak izateko non bat nahi dugu. Hitzartuko gizon eta emakumeei esker, hemen da independentziaz erabakitzeko lehen eguna. Iritsiko dira gehiago!