Familia planarekin dator aurtengo 'Bost geltoki historian' egitasmoa

Uztarria.eus 2016ko eka. 3a, 13:24

Zumaiako Algorri Naturaren Ezagutza Etxea, Zestoako Ekainberri eta Lili Jauregia, eta Azpeitiko Trenbidearen Euskal Museoa eta Loiolako Santutegia ezagutu ahal izango dira. Asteburuan jarriko dute martxan egitasmoa eta abenduaren 8an amaituko da. 

Datorren zapatuan, ekainak 4, jarriko dute martxan aurtengo Bost geltoki historian egitasmoa, eta gaur, ostirala, aurkeztu dute Urola bailarako turismo eskaintza, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako udaletako, Basque Tourreko eta Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek.

Azken urteetan bezala, egitasmoaren baitan Urola bailarako produktu turistikoa eta kulturala ezagutzeko bost geldialdi egin ahal izango dituzte bisitariek: Zumaiako Algorri Naturaren Ezagutza Etxean, Zestoako Ekainberrin eta Lili Jauregian, eta Azpeitiko Trenbidearen Euskal Museoan eta Loiolako Santutegian.

Familia plana

Aurten, lehen aldiz, familia plana jarri dute martxan, familia turismoa indartzeko."Geroz eta familia gehiago etortzen dira umeekim zer plan egin dezaketen galdetzen. Horregatik, familia turismoak etorkizuna baduela usten dugulako, familia plana martxan jartzeari eutsi diogu", azaldu dute.

"Familia plana erakargarriago egiteko", eskuorriak atera dituzte, eta azaldu dutenez, horietan biltzen dira, besteak beste, eskualdeko bost geltokietan zehar egiten diren bidaien xehetasunak eta umeekin lantzeko jokoak nahiz asmakizunak, "kutsu pedagogikoa dutenak". Eskuorriak eskuragai izango dira Loiolako, Zestoako eta Zumaiako turismo bulegoetan eta aurrez aipatutako bost geltokietan. Eskuorriak umeei emango zaizkie, eta behin hori eskuratuta ez dute gainerako geltokietan sarrerarik ordaindu beharko. Hau da, umeek aurreneko bisitan soilik ordaindu beharko dute sarrera, eskuorriak badituzte.

Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, Bost geltoki historian-en helburua da "turismoa denboraldi altuetatik kanpo ere bultzatzea, eta turisten fidelizazioa lortzea". Horretarako, zozketa bat jarriko dute martxan aurrenekoz. Parte hartzera animatzen diren pertsonek, bost geltokietako batean ateratako argazki bat bidali beharko dute 5geltoki@urolaturismo.eus helbide elektronikora. Urte bukaeran, jasotzen dituzten argazki guztien artean zozketa egingo dute, eta irabazleak Urola bailaran asteburu bat pasatzeko aukera izango du. 

Asteburu honetan hasiko da Bost geltoki historian egitasmoa eta abenduaren 8an amaituko da denboraldia.

Egitasmoa sustatzeko bideoa

"Bost geltoki historian herritarren, turisten eta erakundeen artean gehiago ezagutarazteko asmoz", bideo bat prestatu dute. Yuri Agirrek eta Xabier Otamendi azpeitiarrek egin dute ikus-entzunezkoa, Iraurgi Berritzeneko Turismo sailak hala eskatuta. Honakoa da egin duten bideoa: