Euskararen Erabilera Plana indartuko du Udalak

Uztarria.eus 2016ko eka. 2a, 15:07
Josu Labaka euskara batzordeburua eta Miren Etxenike UEMAko teknikaria eta Udaleko euskara erabilera planaren jarraipenaren arduraduna.

"Euskara lehenesten duen Udala izatetik, euskaraz funtzionatzen duen Udala izatera iristea" da helburua. Horretarako hainbat neurri hartuko ditu Udalak, epe eta eremu ezberdinetan.

Azpeitiko Udalak Euskara Planari bultzada emateko konpromisoa hartu du. Hala azaldu dute gaur, osteguna, egindako agerraldian Josu Labaka Udaleko euskara batzordeburuak eta Miren Etxenike UEMAko euskara teknikariak eta Udaleko euskara erabilera planaren jarraipenaren arduradunak.

Helburua da, "euskara lehenesten duen Udala izatetik, salbuespenak salbuespen, euskaraz funtzionatzen duen Udala izatera iristea", azaldu dute. UEMAK lau azpitaldetan banatzen ditu udalerriak, egindako diagnostiko baten arabera: Abian dauden udalerriak (erdaraz aritzen direnak), magalean daudenak (elebidunak), gorabidean daudenak (nagusiki euskaraz egiten den herriak) eta tontorrean daudenak (euskara hutsez aritzen direnak).

Azpeitia, gorabidean dauden herrien artean dago sailkatuta gaur egun. Horren harira indartu nahi dute Euskara Plana, Azpeitia tontorrean dauden udalerrien artean egon dadin. "Hizkuntzari dagokionez Azpeitia Euskal Herrian eredu dela ikusita, uste dugu Azpeitiko Udalak ere eredu izan behar duela, eta horregatik salto berri bat eman nahi dugu", adierazi du Josu Labakak. 

Epekako helburuak

Miren Etxenikek azaldu duenez, Udalak euskara plana indartzeko hainbat helburu landuko ditu. Horrela, neurri ezberdinak hartuko ditu, epe motzean, epe motz-ertzainean eta epe luzean. 

Epe motzera, herritarrentzako agirietan irizpideak finkatzea eta betetzea lortu nahi dute, hizkuntza eskubideak kontuan hartuz. Bestalde, helburu gisa dute Udalak ematen dituen baimenetan, herritarrei begira, hizkuntz irizpideak sustatzea. 

Epe motz-ertaineko helburuei dagokionez, Udalaren lan hizkuntza euskara izan dadin "neurriak hartu eta baliabideak eskainiko" dituztela azaldu dute. Horretarako, langile euskaldunak kontratatu, hautetsiak euskaldunak izatea bermatu eta langileen hainbat ohitura eta joeretan "eragin nahi" dute. Bestalde, azaldu dutenez, langileen baliabide informatikoak euskaraz egoteko ahalegina egingo du Udalak. Udal hautsetsi zein langileen prestakuntza orokorra euskaraz izatea ere nahi dutela adierazi dute. 

Horrez gain, kanpora zein barrura begira, Udalak bestelako erakunde publiko zein pribatuekikoekiko dituen harremanak euskaraz izatea bermatu nahi dute, Eusko Jaurlaritzarekin edo EUDELekin, esaterako. Horretarako giltza "elkarlana" dela azaldu du Miren Etxenikek: " Hainbat Udalek euskararen erabilera bermatzen badute ere, hainbat erakunde publikoetan hutsuneak daude eta horretan eragin nahi dugu, elkarlanean. Izan ere, 76 udalerri gara UEMAn, eta guztion artean eragiteko potentzialitatea lortu daitekeela ikusten dugu".

Bestalde, enpresekiko dituen "harremanak euskaraz izatea lortu nahi" du Udalak. Egiteko hau kokatu dute arian-arian egin beharrekoetan eta epe luzerako prespektiban. Horrekin lortu nahi dutena da, kontratazio-esleipenetan hizkuntza baldintzak Udalaren hizkuntza irizpideak betetzea, baldintza horien jarraipena eginda. Aitzitik, inguruko eta ohiko hornitzaileengan "eragin nahi" dute, fakturazioa euskaraz izan dadin. 

Urratsak ematen jarraitzeko asmoa

"Azpeitiko Udalak 1997an hartu zuen lehen aldiz euskararen erabilera plana egiteko erabakia, eta orduz geroztik hainbat urrats eman dira euskalduntze prozesu horretan", azaldu du Josu Labakak. Horrez gain, euskalduntzearen bidean "oztopoak eta kanpo esku hartzeak" izan direla azpimarratu du euskara batzordeburuak, eta hala ere Azpeitiko Udalak prozesuan aurrerapausoak emateko "ahalegin berezia" egin duela esan du. "2008an sartu zen Azpeitia UEMAn eta horrek ere asko lagundu zion euskalduntze prozesu horretan urratsak ematen. Orain, baina, beste pauso batzuk ematen jarraituko dugu, administrazio publikoaren betebeharra baita hizkuntza eskubideak bermatzea", esan du Labakak.