Ekainaren 5eko herri galdeketa

Alaitasun triste bat

Pako Aristi 2016ko eka. 2a, 17:04

Pako Aristi idazle urrestildarrak ekainaren 5eko galdeketen gainean idatzi duen iritzi artikulua argitaratu du gaur, osteguna, Berria egunkariak.

Oso xume idatziko dizut, lagun maitea, zuk, agian bihotz onez zerbait egin nahian ekintzak kuestionatzen ez dituzun horrek uler dezazun nire postura.

Ni independentziaren alde nago, beraz, ez naiz igandean bozkatzera joango. Ezin dut joan, iruzur egingo nioke neure buruari, iruzur hainbeste maite dudan herriari. "Zer izan nahi dut, aske ala menpeko?". Herri batek, sano dagoenean, ez du planteatu ere egiten halako galderarik. Ez al da galdera txepela? Erne dagoen herriak honako hau galdetzen du: Nola askatuko naiz menderatzen nauten bi estatu inperialista horietatik?

Horrela kokatzen da munduan estatua duten nazio guztien koordenada politikoetan: hauek ez dute zalantzan jartzen independentzia, eta bertara datozenei integratzeko abantaila eta koertzio sistema guztiak eskaintzen edo ezartzen dizkiete. Eta denak dira independentista: japoniar guztiek nahi dute Japoniaren independentzia mantendu; txiletar guztiek Txilerena, eta hala 198 naziotan. Badakite independentzia dela demokraziaren lehen baldintza, badakite independentzia ez dela eskubide bat gehiago, beste eskubide guztien lehen pausoa baizik, beste guztien aurretikoa, pertsona baten bizitzeko eskubidearen parekoa dela, baina herri bati dagokionez. Aznarrek ederki esan zuen: "Politika negoziatzearen artea da, baina bada zerbait negozia ezina dena. Zuk negozia ditzakezu aurrekontuak, baina herri baten existentzia ez da negoziatzen". Aznarrek ez, eta zuek bai? Gure herriaren existentzia kolokan jartzen baituzue, ez-existentziari ere aukera emanez.

Jarraitu artikulua irakurtzen Berria-ren webgunean.