Udako ikastaroak emango dituzte aurten ere Udal Euskaltegian

Uztarria.eus 2016ko eka. 2a, 13:23

EGAko eta HABEren C1 eta B2 mailetako tituluak eskuratzeko eskolak emango dituzte, ekainaren 20tik uztailaren 22ra arte. Izena emateko epea ekainaren 17an bukatuko da.

Euskarako titulu ofizialak eskuratu nahi dituztenei zuzendutako ikastaro trinkoak antolatu dituzte aurten ere udarako Azpeitiko Udal Euskaltegian. EGAko eta HABEren C1 eta B2 azterketak prestatzeko eskolak dira, hain zuzen ere, emango dituztenak. Ikastaro horiek ekainaren 20an hasi eta uztailaren 22ra arte luzatuko dira, egunero lau ordu eta erdiko saioekin.

Izena emateko epea irekita dago eta ekainaren 17an bukatuko da. Ikastaroren batean izena eman nahi dutenek, honako aukerak dituzte: Udal Euskaltegira joatea (Perdillegi kalea, 1), 943811947 telefono zenbakira deitzea, edo euskaltegia@erabili.eus helbide elektronikora mezua bidaltzea.

Ikasleentzat eta langabetuentzat matrikula doan da. Gainerakoek 161,25 euro ordaindu behar dute, baina euskaltegiak eskaintzen duen beka eta diru-laguntza sistemarekin matrikula osorik berreskuratzeko aukera izango dute, baldintzak betez gero; ikastaro amaieran %85eko asistentzia erreala izatea da matrikulatzerakoan ordaindutakoa berreskuratzeko bete beharreko baldintza.