'Gure inguruari begirada bat' argazki lehiaketa abian da

Uztarria.eus 2016ko eka. 1a, 14:01
'Gure inguruari begirada bat' lehiaketaren aurtengo kartela

'Azpeitia jasangarritasunera bidean' da lehiaketaren gaia, eta bi modalitate izango ditu: mezu positiboarena eta salaketarena. Azaroaren 4an amaituko da argazkiak aurkezteko epea.

Agenda 21 programaren baitan, Gure inguruari begirada bat lehiaketaren XV. edizioa antolatu du Azpeitiko Udalak Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren laguntzarekin.

Azpeitia, jasangarritasunera bidean. Hori da aurtengo edizioko gaia, eta bi kategoerietan banatuko da. Mezu positiboa azaltzen duten argazkiena alde batetik, eta salaketa argazkiena bestetik. Hau da, jasangarritasunaren alde ona erakusten duten irudiena, eta jasangarritasun faltaren salatzen dituztenena. Antolatzaileek azaldu dutenez, "argazkiek gure herriko ingurumen naturala, hiri-ingurunea, garraioa, ura, hondakinak, energia, industria edota zarata erakutsi behar dute, besteak beste, jasangarritasunerako alde positiboak irudikatuz edo horren falta salatuz".

Edonork har dezake parte lehiaketan, baina argazki guztiak Azpeitian ateratakoak izan beharko dute. 

Honakoa da argazkiak bidaltzeko prozedura:

  • Egile bakoitzak gehienez bederatzi argazki aurkez ditzake, hiru kategoria bakoitzetik. Formatu digitalean (CD batean grabatuta), 300mm x 200mm eta 300 dpi-etara, JPEG formatuan.

  • Egile berak aurkeztutako argazki bakoitzak kode bat izango du: lehenik, argazkia zein kategoriari dagokion zenbakia, ondoren gidoi baxu bat; segidan egileak aukeratutako lema eta ondoren beste gidoi baxu bat eta azkenik bere argazki zenbakia. Adibidez: (1 )_LEMA_ (2 ).jpg. (1): Kategoria. 1, 2 edo 3 (digito bakarra). LEMA: Egileak aukeratutako hitza, argazki guztietan berdina izango da. (2): Argazkiaren zenbakia, bi digito erabiliz (01,02,03...). Azaldutako moduan identifikatuta ez daudenak ez dira ontzat hartuko.

  • CD-a kartazal itxi batean sartuko da eta honekin batera, aparteko orri batean, egilearen izen-deiturak, harremanetarako telefonoa, NAN zenbakia, helbide postala eta helbide elektronikoa eta aukeratutako lema. Gainera, ezinbestean adierazi beharko da aurkezten dituen lanen zerrenda bakoitzaren kodearekin, kategoria eta argazki atera den tokiaren aipamena. Kartazalean, kanpotik, argazkilariak aukeratu duen lelo edo lema jarriko du argi eta garbi (hitz bakarra aukeratzea eskatzen da).

  • Helbide honetara bidali behar da guztia: Ingurumen Saila: Gure inguruari begirada bat argazki lehiaketa. Plaza Nagusia 5, 20730, Azpeitia (Gipuzkoa).

Sariak eta sari banaketa

Lehiaketako irabazleen izenak azaroaren 9an argitaratuko ditu Azpeitiko Udalak, eta azaroaren 25ean egingo dute sari-banaketa. Sarituak aukeratzerako garaian, honako irizpideak izango ditu kontuan epaimahaiak: gaiarekin duen lotura, originaltasuna, kalitatea eta gaurkotasuna. Modalitate bakoitzean lau sari emango dira, bat 150 eurokoa eta beste hirurak 100 eurokoak.