Gerdauko langile azpeitiar baten kaleratze "bidegabea" salatu du ELAk

Uztarria eta Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 1a, 13:18
ELAko ordezkariak, Gerdauko kaleratzea salatzeko egindako agerraldian.

Sindikatuak dioenez, enpresaren zuzendaritzak "datu faltsu eta iraingarrietan" oinarritu ditu kaleratzearen arrazoiak. "Kaleratze objektiboak eta diziplinarioak ari dira erabiltzen enpresa gutxinaka langilez hustutzeko", lantegiko ordezkari sindikalen esanetan.

Gerdau enpresaren Azkoitiko lantegian izandako kaleratze "bidegabea" salatu du prentsaurrean ELA sindikatuak. Langile hori azpeitiarra da. Sindikatuak dioenez, enpresaren zuzendaritzak "datu faltsu eta iraingarrietan" oinarritu ditu kaleratzearen arrazoiak: "Kaleratutako langileari fabrikazioan gertatu zen akats baten errua leporatu diote, eta nahita eta intentzio txarrez egin zuela esan diote".

Kaleratutako langileak 18 urte zeramatzan Gerdaun lanean eta "urte guzti horietan inongo zigorrrik eta akats jakinarazpenik" ez zuela jaso nabarmendu dute ordezkari sindikalek. Leporatu dioten akatsa, ordea, lanpostu berrian gertatu zen: "Zazpi egun soilik zeramatzan lanpostu berrian akatsak gertatu zirenean eta, enpresak hala erabakita, ez zuen inolako formaziorik bertan aritzeko", salatu du ELAk.

Azkoitiko fabrikako ELAren ordezkariek azaldu dute enpresak ez diela utzi akatsa argitu ahal izateko ikerketan parte hartzen eta, beraz, "zuzendaritzaren aldebakarreko erabakia bidegabea" dela.

Gerdauk 400 langile inguru ditu, eta azken urtean 30 kaleratu dituela salatu du ELAk, baita lan baldintzak kaskartu eta soldatak jaitsi dituela gehitu ere: "Kaleratze objektiboak eta diziplinarioak ari dira erabiltzen enpresa gutxinaka langilez hustutzeko. Inongo konplexurik gabe, lanpostuak suntsitzen ari dira sistema neoliberalak ahalbidetzen dituen arau eta abantailez baliatuz. Etekinak handitzea da euren helburu bakarra".