Ekainaren 5eko herri galdeketa

Ekainaren 5eko herri galdeketaz

Aitor Arana 2016ko mai. 31a, 17:57

Ekainaren 5ean Azpeitian euskal estatu independenteaz egingo den herri galdeketaren inguruan, Uztarria Komunikazio Taldeak iritzia eskatu die hainbat herritarri. Aitor Arana idazle eta hizkuntzalariak idatzi duena da honakoa.

Euskalduna izatea gaizki ikusita zegoen garaian jaio nintzen, Legazpin.

Euskara han eta hemen baztertuta zegoen eta Brinkola auzoko lagun euskaldunak kalera etortzen zirenean, batzuek "las caseras" etorri zirela esaten zuten mespretxuz.

Baina nik zortea izan nuen, giro desegoki eta sinesgaitz hartan gure aitak —euskaltzalea izanik—, ikastola 1965ean ireki zen bezain azkar, ni (eta gero nire bi arreba txikiak) hartara bidaltzea erabaki zuelako. Euskarak ospea galdua zuen herrian, beraz, nik giro euskaltzalean hezia izateko zortea izan nuen, horretaz jabetzen ez banintzen ere.

Beti eskertu diet gurasoei giro gaizto hartan egin zuten ahalegina, ez pertsonala bakarrik, baita ekonomikoa ere: nire anaia nagusiak La Salle ikastetxean ikasteagatik gurasoek hileko 100 pezeta (0,60 euro) ordaindu behar zituztenean, nik ikastolan ikasteagatik 1.000 pezeta (6 euro) ordaindu behar zituzten.

Mutikoa izanik, garai hartan gertatu zitzaidanaz jabetu ez banintzen ere, gerora —nerabezaroan— gure herri egoeraz hobeto jabetzeko modua izan nuen. Hamazazpi urte nituela, euskaltzaletu egin nintzen, eta antzinako herri baten semea nintzela ohartu: Euskal Herriarena, eta ez Espainia ia sortu berriaren semea. Eta euskalduna izanik diruz ordaintzerik ez dagoen altxorra jaso nuela: geure hizkuntza eta kultura, eta haiekin batera nortasuna. Zer da nortasunik gabeko gizakia? Badu askatasunik? Eta nortasuna ordezkatu zaion gizakiak/herriak ba ote du ezer ez baldin badu nortasuna berreskuratzeko ahaleginik egiten?

Urte haietan amets ere egin nuen: urte gutxian herritar gehienek euskara berreskuratuko zutela, eta Euskal Herri euskaldunean biziko ginela egin nuen amets.

Inoiz ez nuen garbi ikusi noizbait burujabetasuna lortuko genuenik. Frantzia eta Espainia ez daude horretarako.

Orain 52 urteko gizon heldua naiz. Euskararen berreskurapen txikiaren lekukoa izan naiz; oso txikiarena. Askoz gehiago egin zitekeen, baina indarrik edo gogorik ez dugu nonbait.

Ekainaren 5eko herri galdeketan euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi dudala esan ahal izango dut. Zinez eta bihotzez eskertzen diet galdeketa egin ahal izateko lana egin duten eta egiten ari diren guztiei, garrantzitsua baita herri batek zer nahi duen adierazi ahal izatea. Herri txiki eta ertain euskaldunetan burujabetzaren aldeko jarrera azalduko da, ziur nago. Handietan eta hiriburuetan zailagoa izango da emaitza bera lortzea.

Nik ez dut uste ene bizialdian geure herria burujabe ikusiko dudanik. Euskaldunok eskura daukagu euskara herri gisa berreskuratzea, eta berrogei urtean ez dugu lortu. Euskaldun gehienek merke-merke saltzen dute euskara egunero-egunero, erdaren mesedetan.

Ez dut uste inoiz euskal estaturik edukiko dugunik. Eta noizbait estaturik baldin badaukagu, ez dirudi euskalduna izango denik. Ez daukagu herri gisa horrenbesteko nortasunik. Gaur-gaurkoz ez behintzat.