Jagoba Beobideren Alaves Lehen Mailara igo da

Uztarria.eus 2016ko mai. 30a, 13:17
Jagoba Beobide, Alaveseko azpeitiar jokalaria.

Gasteizko taldeak atzo ziurtatu zuen igoera, Mendizorrotzan Numanciari 2-0 irabazi ondoren. Azpeitiar jokalaria ordezkoen aulkitxoan egon zen, baina ez zuen jokatu.

Jagoba Beobidek (Azpeitia, 1987) laugarren denboraldia bete du Alavesen eta atzo, igandea, bigarren igoera ospatzeko modua izan zuen. Izan ere, Gasteizko taldeak 2016-2017 denboraldian Espainiako Lehen Mailan jokatzeko txartela eskuratu zuen Mendizorrotzan, Numanciari 2-0 irabazita. Deialdian sartu arren, atzoko neurketa jokatu gabe gelditu zen Beobide.

2012-2013an, azpeitiarrak taldean egin zuen lehen denboraldian, Bigarren B-tik Bigarren Mailara igo zen Alaves. Hiru urteren buruan, gorengo mailarako jauzia egin dute gasteiztarrek, Beobide tartean dela. Taldeak igotzeko zituen aukerez galdetuta, "hankak lurrean izan behar ditugu" eta "oso-oso zaila izango da, talde oso onak daudelako", zioen Jagoba Beobidek urtarrileko Uztarria aldizkarian egindako elkarrizketan.