Diru-sarrerak bermatzeko laguntza ez kentzeko eskatu du bailarako Caritasek

Uztarria.eus 2016ko mai. 26a, 21:14
Urola Erdiko Caritasek Loiolako basilikaren atarian egin du agerraldi jendetsua.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako parrokietako Caritaseko ordezkariek agerraldia egin dute Loiolan, hiru herrietan bizi diren hainbat etorkinekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiaren aurrean euren "desadostasuna" azaltzeko. Immigranteak gure errefuxiatuak dira goiburudun adierazpena irakurri dute han.

Urola Erdiko herrietako parrokietako Caritaseko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur, osteguna, Loiolako basilikaren atarian, diru-sarrerak bermatzeko laguntza (DSBL; AGI, gaztelaniaz) ez kentzeko eskatzeko. Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan bizi diren hainbat etorkinek ere hartu du parte agerraldian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du DSBLa "pixkana kentzeko" erabakia eta, horren aurrean, euren "desadostaduna" agertu nahi izan dute bailarako Caritaseko lagunek. "Donostiako Elizbarrutiko Caritasek gai honekiko duen jarrerarekin bat" eginez, DSBLa ez kentzeko eskatu dute. Gainera, diru-laguntza hori kentzearen alde "erabili diren argudioak" ez zaizkie "onargarriak" iruditzen: "Migrazio mugimenduak ez dira artifizialak; sufrimenduari ihes egin nahi izatetik sortzen dira eta, sarriegi, bizitza hartzen dute ordainetan. Immigranteak gure errefuxiatuak dira".

Azken esaldi hori, Immigranteak gure errefuxiatuak dira, goiburu duen adierazpena da, hain zuzen ere, gaur Loiolan irakurri dutena. Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoa izan da adierazpena irakurri duena; ondoren, agerraldian parte hartu duten beste lagun batzuek Giza Eskubideen Adierazpenaren artikulu batzuk eta Bibliaren pasarte batzuk ere irakurri dituzte, gaiarekin lotuta.

Immigranteak gure errefuxiatuak dira adierazpena, osorik

"DSBLa (AGI) pixkanaka kentzeko erabakia dela eta, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitiko parrokietako Caritasek gure kristau elkarteei eta gure artzipreste barrutiko iritzi publikoari honakoa jakinarazi diegu: begi-bistakoa dela egungo krisi humanitarioak ez duela orain arte honelako aurrekaririk izan eta konponbideak oso direla zailak. Horretaz jakitun izanik ere, ez diogula ondo irizten DSBLa kentzeari.

  • Erabili diren argudioak ez zaizkigu onargarriak iruditzen. Ondorioz, gure desadostasuna azaldu nahi dugu, eta neurri honen eragina jasango dutenen ondoan izango gara.
  • Argi utzi nahi dugu, halaber, ez dagoela eskubiderik gabeko norbanakorik. Giza eskubideen aberri den Europan immigranteak ere eskubidedun subjektuak dira.
  • Legez kanpokoa irizten diogu behartsuak baztertzeari eta sufrimenduari ezikusiarena egiten dioten neurri politiko-administratiboak lotsaizun dira jasan behar dituztenentzako.
  • Jakitun gara Europako ongizate maila, alegia, gure ongizate maila, bizitza hobe bat nahi dutenentzako deia izan daitekeela. Baina migrazio mugimenduak ez dira artifizialak; sufrimenduari ihes egin nahi izatetik sortzen dira eta, sarriegi, bizitza hartzen dute ordainetan. Immigranteak gure errefuxiatuak dira.

Euskaldunik unibertsalena den Ignazio Deunaren sorlekuan, Loiolako basilikako atarian elkartuta, Europako erakundeen hondoratze etiko eta morala guri ere eragiten ari ote zaigun galdetzen diogu geure buruari.

Honegatik guztiagatik, Donostiako Elizbarrutiko Caritasek gai honekiko duen jarrerarekin bat egiten dugu eta adostasun zabalagorik ez dagoen bitartean DSBLa ez kentzeko eskatzen dugu. Eta aldaketarik egingo balitzaio, jar daitezela egun dituen gabeziak osatzeko bitartekoak: formazio enplegu planak, etxebizitzetarako alokairurako laguntzak eta abar".