Urrezko Aizkolari Banakako Txapelketako finala jokatuko da zapatuan, Izarraitz pilotalekuan

Uztarria.eus 2016ko mai. 26a, 14:35
Luis Mari Bengoa txapelketaren antolatzailea, Mikel Ibarzabal eta Estitxu Elduaien zinegotziak eta Arria V, Atutxa II.na eta Eneko OtaƱo aizkolariak.

Atutxa II.a, Jon Rekondo, Arria V.a eta Eneko Otaño lehiatuko dira larunbateko finalean. Norgehiagoka 19:00etan hasiko da, eta sarrerak ordubete lehenago jarriko dituzte salgai takilan, 25 eurotan.

Zapatuan, maiatzak 28, jokatuko da Urrezko Aizkolari Banakako Txapelketa Eusko Label Sari Nagusiaren finala, Izarraitz pilotalekuan. Bertan lehian arituko dira Aitzol Atutxa Atutxa II.a, Jon Rekondo, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Eneko Otaño. Gazteen mailan, aldiz, Eneko Saralegi eta Oier Kañamares arituko dira lehian. Berez, Eloi Kortxero zen finalean lehiatzekoa, baina lesio baten ondorioz ezin izango du finala jokatu. Bere lekuan arituko da Oier Kañamares. 

19:00etan hasiko da finala Izarraitz Pilotalekuan, eta sarrerak takilan jarriko dituzte eskuragarri ordubete lehenago, 25 euro ordainduta. 

Luis Mari Bengoa txapelketaren antolatzaileak "eskerrak" eman dizkio Udalari beste urte batez finala Azpeitian izatea posible egiteagatik. Estitxu Elduaien zinegotziak, bere partetik, esan du Udalak "herri kirolen aldeko apustua egiten jarraitzeko asmoa" duela eta hori horrela izateko "konpromisoa" hartzen duela. 

Eneko Otaño eta Arria V.ak Urrezko Aizkolari Banakako Txapelketa jokatzen duten lehenengo aldia da aurtengoa, eta "gogotsu" daudela esan dute. "Ez nuen finalera iristea espero, sorpresa izan zen. Orain ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz", adierazi du Otañok. Arria V.ak "zer gertatuko den jakitea zaila" dela esan du eta ez dela "erraza" izango. Aitzol Atutxak banakako finala jokatzen duen seigarren aldia da aurtengoa eta esan du "goi mailako finala" izango dela zapatukoa, eta irabazteko "asko borrokatu beharko" dutela lau aizkolariek.